Basurdeek Igorren lehiatuko dute hernaniarren aurkako derbia
Urbieta Rugby Zelaiaren egoera txarraren ondorioz, Gernika RTren eta Hernani CREren arteko partidua ez da Gernika-Lumon jokatuko. Zapatuan Arratiko Zekorrak taldeak jokatzen duen Igorreko San Txisme zelaian lehiatuko dute, 16:00etatik aurrera.
Zelaiaren egoera “eskasa” ikusita, eta eguraldiak ez duela hobera egingo kontuan hartuta, klubak eguaztenean eman zuen lekualdaketaren berri. Izan ere, Euskalmetek iragarri duenez, zaparradek ez dute etenik izango eta noiznahi trumoiak jo eta txingorra bota dezake.
Beraz, jokalarien “segurtasuna” bermatzeko erabaki dute Igorren jokatzea. Urbietan partidua jokatzea “ezinezkoa” dela eta ez dutela beste aukerarik izan zehaztu dute.
Autobusa doan. Derbian ahalik eta zale gehien biltzeko asmoz, doako autobusa antolatu dute. 14:45ean aterako dira Gernika-Lumoko autbous geltokitik.
Aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, eta horretarako Gernika RTren facebook orrialdean eta twitter kontuan jarri dute lotura.
Basurdeek lehen itzuliko garaipena errepikatu gura dute bihar. Izan ere, hernaniarren kontra lortu zuten urrian 2107-2018 denboraldiko hirugarren garaipena. 11-16 nagusitu ziren Landare Tokin.
Gaur gaurkoz Heineken Ligaren sailkapenean azken aurreko postuan dago Hernaniko taldea, 23 puntugaz; lau partidu irabazi eta 11 galdu ditu. Gernika-Lumoko taldea sailkapeneko zortzigarren da 29 puntugaz. Sei jardunalditan irabazi, eta bederatzitan galdu du.