Laugarrena Laso eta Albisurentzat
Jokoa dominatuz irabazi dute urdinek Markina-Xemeinen jokatu den Eskuz Binakako Txapelketako partida. Bigarren puntua jarraian lortuta, seigarren daude sailkapeneanUnai Laso eta Jon Ander Albisu izan ziren nagusi joan den zapatuan, Markina-Xemeingo Uni...
Jokoa dominatuz irabazi dute urdinek Markina-Xemeinen jokatu den Eskuz Binakako Txapelketako partida. Bigarren puntua jarraian lortuta, seigarren daude sailkapenean
Unai Laso eta Jon Ander Albisu izan ziren nagusi joan den zapatuan, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan jokatu zen Eskuz Binakako Txapelketako partidan; 10 eta 22 irabazi zieten Urrutikoetxea eta Untoriari partida bikain bat burutu ostean.Parekatuta hasi zen partida, baina, apurka-apurka, urdinak dominatzen hasi ziren. Albisuk pilotakada ikaragarriak eman zituen, eta Unai Lasok tantoak bukatzen jakin zuen. Bizkarretako aurrelariari dena ondo atera zitzaion, hainbat tanto egin zituen airez; pila bat eraman zituen sotamanoz.
Urrutikoetxea eta Untoria ahalegindu ziren arren, ezin izan zuten ezer egin. Zortziko berdinketaren ostean urdinak aurrera joaten hasi ziren markagailuan, eta 8 eta 15era arte egin zuten ihes. Lasok txapapera bota zuen pilota baten ostean berreskuratu zuten sakea gorriek, tanto luze eta borrokatua izan zen, eta 9-15ean jarri zuten markagailua. Bizkaitarra gogor ibili zen erremateetan, eta hamargarren tantoa ere markagailura igotzea lortu zuen, baina urdinak gelditzerik ez zegoen, eta 10ean utzi zuten gorrien markagailua.
Hala, urdinek poltsikora eraman zuten sailkapeneko 4. puntua. Urrutikoetxeak eta Galarzak, beste alde batetik, bosgarren jarraitzen dute sailkapene- an, 5 puntugaz.
Aurten ere, Markina-Xemeingo pilotaleku nagusia leporaino bete da Binakako Txapelketako partida ikusteko. Txapelketa aurretik promozioko partida jokatu zen Gorka-Urretabizkaia II eta Dario-Irusta bikoteen artean. 12 eta 22 irabazi zuten urdinek.
Bestalde, urtero modura, txapelketako pilotarien kamisetak zotz egin ditu Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak. Gaurko lau pilotarien eta Aretxabaletaren kamisetak eraman dituzte etxera 526, 121, 467, 32 eta 82 zenbakien jabeek.
Puntu garrantzitsua
Garaipen garrantzitsua izan zen zapatukoa Laso eta Albisurentzat, eta hala azpimarratu zuten biek partidaren ostean. Momentu honetan seigarren daude sailkapen nagusian, hala ere borrokan jarraitzeko bultzada garrantzitsua izan zen zapatuko garaipena.
Hasieran partidan sartzea kostatu egin zitzaiola azaldu zuen Jon Ander Albisuk, baina Laso tinko ikusi zuen. «Tanto bi egin ditugu, eta hortik aurrera, gure pilotak min egin du, Untoria dominatu egiten genuen, eta gure lanagaz gustura geratu gara», azaldu zuen ataundarrak.
Mikel Urrutikoetxea baztertzen ahalegindu ziren urdinak, aurrelaria jokotik ateratzeko. «Urruti jokoan sartzen denean erritmo handia ezartzen dio partidari. Bagenekien Untoria kargatu behar genuela, saiatu gara, eta uste dut lortu dugula» zehaztu zuen Albisuk.
Partidagaz oso gustura gelditu zen Unai Laso ere. «Jon Anderrek eta biok partida borobila egin dugu. Eurek ezin izan dute asko egin, Jon Anderrek asko eman dio pilotari, eta nik aurrean ondo errematatu dut».
Lortutako puntuak txapelketako lehian jarraitzeko aukera ematen die Laso eta Albisuri. «Badakigu zaila daukagula, baina segitu beharra daukagu, eta ea ondo joaten den. Unaik aurrekoan bezala partida handia jokatu du, tanto pila egin ditu, eta ea hurrengoan ere maila eman eta bosgarren puntua lortzen dugun», esan zuen Albisuk.
Markina-Xemeinen estreinako jokatu arren, gustura aritu zen bikotea. «Frontoia beteta egon da, eta horrek poza ematen du, frontoia hutsik badago zu ere ez zara eroso egoten, eta beteta zegoela ikusita, oso gustura jokatu dugu».
Urdinek partida kontrolpean izan zutela aitortu zuen Urrutikoetxeak. Untoria eta bera nahikoa ondo hasi baziren ere, partidak aurrera egin ahala urdinek abantaila hartu zutela onartu zuen. «Jon Ander oso fresko ikusi dut, dominatu egin du atzean, eta Lasok pilota hartu duenean amaitu egin du. Urdinek partida ona jokatu dute, eta ez dago bueltak ematerik».
Hala ere, lehian jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Zaratamokoak. «Zaila daukagu, baina aukerak dauden bitartean aurrera egingo dugu».