Gernika RTk garaipenagaz amaitu du Amaiur Torneoa
25-36 irabazi zion Durango Nissan Gaursa RT 12 taldeari zapatuan. Horrela, helburua bete dute; Euskal Liga jokatzeko A multzora sailkatu gura zuen taldeak, eta Amaiur Torneoan laugarren postuan sailkatuta (30 puntugaz), A multzoan lehiatuko du Euskal Liga (aurreko denboraldian B multzoan egon zen).
Amaiur Torneoko sailkapenari dagokionez, La Unica RT amaitu du sailkapen buru, 45 puntugaz. Hamar puntu gutxiago ditu Avia Eibar Rugbyk. Escor Gaztedi hirugarrenak 31 puntu ditu.
“Irabazi behar genuen, eta Riojak Eibarren kontra galdu, eta horrela izan da. Lortutakoagaz pozik gaude”, adierazi du Lukene Uriarte kapitainak. Durangoko taldea aurkari gogorra dela zehaztu du: “Jokalari onak ditu, kostatu arren, aurrera egin genuen”.
Etxeko taldeak estreinatu zuen markagailua, baina ondoren hiru entsegu egin zituen talde gernikarrak. Hain zuzen, Goirienarenak izan ziren hiru horietatik bi eta Luciak egin zuen bestea.
Gero, Durangok beste marka bat lortu zuen, eta Gartzi basurdeak beste entsegu batekin erantzun zion. Hala, lehen zatia amaitu aurretik etxeko taldeak bere hirugarren entsegua egin zuen.
Bigarren zatian, berriz, bina entsegu egin zituzten; Gernika RTkoak Itxasok egin zituen.
(Argazkia: Aitor Lauzirika Omaetxebarria)