Partidua kontrolpean izanda, 82-62 nagusitu zitzaion Embutidos Pajariel Bembibreri zapatu arratsaldean.
Lointek Gernika Bizkaiak orain arteko 17. jardunaldietatik hamarretan lortu du aurkaria gainditzea, eta zazpi partidu galdu ditu.
Bigarren itzulian lau jardunaldi lehiatu dituzte, eta horietatik hiru irabazi ditu (aurreko jardunaldian 90-69 galdu zuen Mann-Filterren kantxan). Hain zuzen, zapatukoa izan zen
bigarren itzuli honetako
etxeko lehen neurketa. Jokalariak zein zaleak gogotsu zeuden, eta ez zuten hutsik egin. Gainera, herriko
Ross dantza eskolako dantzariek girotu zuten Maloste, atsedenaldietan erakustaldia emanda.
Maria Pina zapatuko partiduan.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Asteburuko emaitzen ostean, Gernika-Lumoko taldeak Dia Ligaren sailkapenean
postu bat igotzea lortu du. Gaur gaurkoz, sailkapeneko bosgarrena da 27 puntugaz. Aurretik bi puntura ditu Star Center-Uni Ferrol eta Mann-Filter. Hala, sailkapeneko lehen bi postuetan liga irabazteko betiko faboritoak daude; 33 puntu ditu Perfumerias Avenida liderrak eta bi puntu gutxiago ditu Spar Citylift Gironak.
Zapatuko partiduari dagokionez,
erreboteak giltzarri izan ziren. Etxekoak bizi kantxaratu ziren, eta lehia hasi eta lau minutu eta erdira 12-4ko markagailuagaz aurretik ziren. Belauneko lesioagatik zortzi hilabetetan jokatu barik egon ostean, 7. minutuan kantxaratu zen Vicky Llorente.
Lehen laurdenean etxekoek markatu zuten erritmoa, eta bost puntuko aldeagaz hasi zuten bigarren laurdena. Bembibrek bere jokoa hobetu zuen, eta markagailuan islatu zen: 22-21. Lointekek berehala erantzun zuen, eta aurkariengan hutsegiteak eragitea lortu zuen. Minutu horietan Anna Gomez nabarmendu zen. 10-0eko partzialak min handia egin zien aurkariei. 32-21ko emaitzagaz Lointekek neurketa bideratuta zeukala zirudien. Gero, atsedenaldira joan aurreko azken minutuan Naiara Diez kapitainak saskiratu, eta 37-28 amaitu zuten bigarren laurdena.
Belauneko lesioagatik, zortzi hilabetez jokatu gabe egon da Vicky
Llorente.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Atsedenalditik bueltan ere jabetzari eustea lortu zuen etxeko taldeak. Hala ere, zenbait minututan Bembibrek hobeto jokatu zuen, eta ondorioz, markagailuko aldea murriztea lortu zuen. Hirugarren laurdenean Alstonek bere talentuagaz zaleak zutik jarri zituen.
Bost puntuko aldeagaz ailegatu ziren azken txanpara (53-48). Pinaren eta Diezen hirukoekin dozena bateko aldeagaz jarri ziren etxekoak, eta partidu amaiera arte aldea mantentzea lortu zuten.