Bermeoaldeko Behargintzak ekintzaileentzako laguntzak bideratuko ditu
Batetik, ideia bat aztertu eta garatu gura duten ekintzaileentzako laguntzak egongo dira; eta bestetik, enpresa bat martxan jarri gura dutenentzako. Bermeoaldeko Behargintzatik (Bermeo, Mundaka eta Sukarrieta) jakitera eman dutenez, diru laguntza emateaz gain, aholkularitza zerbitzua ere emango dute.
Parte hartu gura duten horiek otsailaren 12ra arte daukate izena emateko aukera, eta Behargintzako bulegoetara jo beharko dute horretarako (Zubiaur tar Kepa 26-28, 1; 96-617 91 90; autoenplegua@bermeo.eus).
Izena ematen duten ekintzaileen artean, aukeraketa prozesu bat egingo dute. Ondoren, aukeratutakoek hiru hilabeteko aholkularitza prozesu batean parte hartuko dute. Tutoretzak otsailaren 15ean hasiko direla azaldu dute.
Izena emateko zenbait baldintza bete beharko dituzte Ekintzaileak Euskal Herrian erroldatuta egon beharko dute eta bertan bizi, gainera. Horrez gain, langabetuak izan beharko dira eta Lanbideren enplegu eskatzaile modura izena emanda egon beharko dute. Halaber, enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileen kasuan, ezin izango dira Ekonomia Jardueren Zergan edo Lanbide Autonomoen Erregimen Berezian alta emanda egon, eta enpresa berri bat martxan jarri nahi dutenek, aldiz, enpresa berriaren helbide soziala eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan jarri beharko dute.
Bermeoko Udalak emango ditu diru laguntza eta 1.000 eta 1.950 euro bitartekoak izango direla zehaztu dute.
Diru laguntzak jasotzerako orduan bereizketa bat dagoela aipatu dute Behargintzatik. Enpresa ideia bat garatu gura duten ekintzaileen kasuan, zenbateko osoa jasoko dute laguntza onetsi ostean. Enpresa bat martxan jarri gura dutenek, berriz, hasiera batean laguntzaren erdia jasoko dute, eta gainerakoa Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zergan alta eman ondoren jasoko dute, beti ere, baldin eta alta hori aholkularitza prozesua amaitu, eta gehienez, hiru hilabetera ematen bada.