Bidebusaren erabiltzaileen kopuruak gora egin du 2017an
Gernika-Lumoko Udalak jakitera eman duenez, Bidebusaren erabiltzaileen kopuruak gora egin du 2017an. Hain zuzen, iaz 82.550 herritar baliatu ziren udal zerbitzuaz, eta 2016. urtean, aldiz, 82.059. Hala, udalaren arabera, bidaiarien gorakada horrek erakusten du garraio zerbitzua egonkortu egin dela, eta erabiltzaileak ordutegiagaz eta geralekuekin ohitzen joan direla.
Urteko hilerik arrakastatsuena zein den aztertuz gero, urtarrila eta maiatza gailentzen dira, horietan izan baititu Bidebusak bidaiari gehien; 8.479 eta 8.144, hurrenez hurren.
Joan-etorriko ibilaldi zirkularrak egiten dihardu duela zenbait urtetatik Bidebusak. Astelehenetik zapatura eskaintzen du zerbitzua, 08:10etik 13:30era eta 16:45etik 19:30era.
Guztira, 47 geldialdi egiten ditu egunean; 25 goizez eta 22 arratsaldez. Goizetan, Lorategietatik abiatzen da autobusa, eta, arratsaldetan, berriz, Seber Altube izaten du abiapuntu lehenengoan, eta ostekoak Lorategietan hasten ditu.
Udalak gogorarazi duenez, 22 bidaiarientzako lekua dauka autobusak, eta elbarritasuna edo mugitzeko ezintasuna daukaten bidaiarentzako igogailu elektronikorako plataforma bat ere badauka.