Sanpolikarpoak ospatuko dituzte Gautegiz Arteagan
Herriko zaindaria dute San Polikarpo, eta haren omenezko jaiak ospatuko dituzte asteburuan Gautegiz Arteagan.
Barikuan hasiko dituzte ospakizunak. 12:00etan, meza entzuteko aukera edukiko dute Andra Mari Parrokian. Jarraian, herriko Artie dantza taldeak emanaldia eskainiko du. Dantza ikuskizuna amaitzerakoan hamaiketakoa egingo dute, trikitixa doinuagaz lagunduta. Horretarako, elizpean batuko dira.
18:00etan, berriz, herriko eskolako umeak izango dira protagonista nagusiak; pilota partiduak jokatuko dituzte herriko frontoian. Azkenik, 20:00etan, dantzan jarriko dituzte herritarrak Jokaldi taldearen erromeriagaz.
Domekarako, kros lasterketa antolatu du Montorre Eskolako Gurasoen Elkarteak. Azaldu dutenez, adinaren araberako lau lasterketa egongo dira: 0-5 urte bitartekoak, 6-8 urte bitartekoak, 9-11 urte bitartekoak eta 12 urtetik gorakoak.
11:00etan emango diote hasiera kros lasterketari, eta irteera puntua parkea izango da. Parte hartzaile guztientzako oparia egongo dela esan dute antolatzaileek.