Korrikalariek Bermeoko herri lasterketa lehiatuko dute domekan
Lasterketan batutako dirua Kate Sarea elkarteak bultzatutako Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuak jasoko du, gaixotasun arraroak dauzkaten umeei laguntzekoBermeoko Udalak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeak antolatuta, Bermeoko herri lasterketa lehiatuko d...
Lasterketan batutako dirua Kate Sarea elkarteak bultzatutako Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuak jasoko du, gaixotasun arraroak dauzkaten umeei laguntzeko
Bermeoko Udalak eta Taraska Gazte-Zahar Taldeak antolatuta, Bermeoko herri lasterketa lehiatuko da datorren domekan. Aurtengoa lasterketaren hamalaugarren aldia izango da.Urtero legez, adin guztietako herritarrek parte hartu ahalko dute domekako lasterketan, lau lasterketetan banatuta. Lasterketa guztiek irteera puntu bera izango dute: Lamera.
Herri lasterketan parte hartu gura duten helduek Areneko kiroldegian eman beharko dute izena, ume eta gazteek ikastetxeetan egin ahalko dute. Antolatzaileen lana erraztu aldera, aurretiaz izena ematea gomendatzen dute. Hala eta guztiz ere, lasterketa hasi aurretik izena emateko aukera egongo dela jakinarazi dute, 10:15ak arte.
Umeek euro bat ordaindu beharko dute; nagusiek, berriz, 2 euro. Aurten, lasterketan batutako dirua Kate Sarea elkarteak bultzatutako Eutsi Gogor, Danok Batera ekimenak jasoko du, gaixotasun arraroak dauzkaten umeei eta euren familiei lagundu asmoz.
Ura edateko aukera
Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek ura edateko aukera edukiko dute ibilbidean zehar. Amaitzerakoan, berriz, opari poltsa bana emango diete parte hartzaileei, eta dutxatzeko aukera ere edukiko dute Araneko kiroldegian edota Artza pilotalekuan.
Ia 800 parte hartzaile
Iaz, 778 korrikalarik parte hartu zuten; 232 nagusik eta 546 umek. Helduetan, 154 izan ziren gizonak eta 87, berriz, emakumeak. Emakumeen parte hartzea urteekin goraka doala nabarmendu zuten aurkezpenean; 2016an %26,79 emakumeak izan ziren, eta 2017an, %37,5. Hala, goranzko joera hori mantendu gurako luketela esan dute. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak ere, aurrekoetan egin legez, herri lasterketan parte hartzea espero duela esan du, korrika egitea «esperientzia osasuntsu eta aberasgarria» baita berarentzat ere.
Izaera herrikoi eta soziala
Herri lasterketak, gainera, «herrian denok batera korrika egiteko aukera paregabea» eskaintzen duela uste du alkateak. Hortaz, herritar guztiak animatu ditu parte hartzera; «guztiok egin dezakegun lasterketa bat da», esan du.
Beste behin ere, lasterketaren izaera «herrikoia eta soziala» gogorarazi dute. «Lasterketaren helburua ez da lehiatzea, baizik eta herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea», azaldu du Bidegurenek.
Gainera, mota horretako lasterketen bitartez, kirol ezberdinak hurbildu gura dizkiete herritarrei.