Umore beltzaren ukituarekin, hozkailuaren hoztasunetik baina lagun arteko hurbiltasunak sortzen duen berotasunarekin.
Formatu txikiko antzezlana da Ander Lipus aktore markina-xemeindarrak oraingoan aurkeztu duena:
Hozkailua.
Lipus eta Urrutia, apirilean aurkeztu zuten ‘Hozkailua’ antzezlanean (Artedrama)
Artedramak ekoiztuta, Huts Teatroaren izenpean ari dira biran. Lipusek azaldu bezala, formatu txikiagoko obra sortzea zen asmoa, horrek
aukera gehiago eman ditzakeelako eta leku gehiagotara heltzea posible egiten duelako, herri txikiagoetara, hain zuzen ere. Unai Iturriaga bertsolari durangarrak idatzi du gidoia, eta gustura dabiltzala esan du Lipusek: «Jendeak oso ondo hartzen duen lana da, eta espero dugu berdin jarraitzea».
Gabonetan geldialdia egin ostean, aretotik aretora dabiltza berriro.
Hogeita hamar bat emanaldi eskaini dituzte dagoeneko, eta beste horrenbeste edo gehiago nahiko lituzketela esan du aktoreak;
ehunera heltzea ondo legokeela dio, eta horretarako prisarik ez dutela.
Barikuan Bermeon egongo dira, 21:00etan, Nestor Basterretxea aretoan.
Gernika-Lumon ere antzeztuko dute obra,
otsailaren 3an, 20:30ean Lizeo antzokian.
Laguntasunari gorazarre. Lagunen arteko harremana da
Hozkailua obrak kontatzen duena. Aspaldiko lagunak dira Karlos eta Maite, sasoi batean punkiak zirenak. Hogei urte egingo dituzte elkar ikusi gabe, eta bapatean Maitek Karlosi deituko dio, Hendaian dagoela hozkailu batekin. Hozkailu barruan Jimmyren hilotza dakar Maitek, bien lagun mina zena. «Lagun onak ziren hirurak, baina ez karlosek ez Maitek ez dakite Jimmyren herria zein den, bertan lur emateko».
Hozkailuarekin hara eta hona, hilotza eta zerbeza latak barruan, sasoi batekiko kutsu nostalgikoa ere nabari daiteke obran. Antzezlana girotzen duten abestiek ere garai hartara jauzi egiteko aukera emango diote publikoari. «RIP, Kortatu, The Clash, Eskorbuto, Hertzainak, Baldin bada…
Bizi nahi dut abestia agertzen da obran. Maite eta Karlosentzat badu abesti horrek halako oroitzapen berezi bat».
Istorio gaurkotua. Ordubeteko obra eta bi pertsona kontakizun osoa antzezteko. «Exigentea da, egia da. Biak bata besteari entzuten, batzuetan oihukatzen. Hala ere, asko disfrutatzen dugu», dio Lipusek.
Istorio polit eta samurra da publikoak ikusiko duena, baita adin tarte bateko pertsonek dituzten kezkak ere. «45 urte inguru dituzte pertsonaiek, eta badaude galdera batzuk agian gazteago edo nagusiagoek ez dituztenak; aitatasunaren eta amatasunaren gaia, esaterako».
Gaur egungo gizarteari ere kritika egiten dio, zelanbait,
Hozkailua obrak. Bi pertsonaiaren gorabeherak barik, bi pertsonaren gorabeherak erakutsiko ditu lanak.
Manex Fuchsen zuzendaritzapean, Asier Ituartek sortu du musika eta Keu Agirretxeak sartu dio gitarra.