Beste zenbait herritan egin legez, Eako udal aurrekontuen parte bat zein jardueretan inbertitu erabakitzeko aukera izan dute herritarrek. Gutxi gora-behera 20.000 euroko aurrekontuaz baliatu dira, eta hiru jardueretara bideratzea erabaki dute herrian egindako batzar irekien bitartez.
Zapatuko batzarra. Argazkia: Eako Udala.
Lehenengo aldiz izan dute eatarrek udal aurrekontuen kopuru bat zertan inbertitu nahi duten erabakitzeko aukera, eta horretarako, zenbait egunetan elkartu dira. Bedaronan, Ean eta Natxituan bilera bana egin dute, eta horietan herritarren ideiak jaso ditu udalak. Guztira, hamabost bat proposamen jaso dituzte, eta horien artean zeintzuk hautatu aukeratzeko azken bilera egin zuten joan den zapatuan.
Hala, bozketa egin zuten bertaratutakoen artean, eta hiru ideia lehenetsi zituzten, Aitor Okamika Eako Udaleko jarduneko alkateak azaldu duenez. Hain justu, Natxituko frontoi ingurua egokitzearen ideiak jaso zituen boto gehien. Eta hori gauzatzeko, 8.500 euroko aurrekontua aurreikusi dute. Bestetik, Bedaronako txokoko leihoak konpontzeko beharra ere ikusi dute, eta horretarako 12.000 euro erabiltzea aurreikusi dute. Azkenik, zaborrak ondo sailkatzeko kanpaina martxan jartzea ere inbertsio posible moduan ikusi zuten. Kanpaina horretarako 1.500 euro beharko liratekeela aurreikusi dute. Hala, hiru proposamen horiek praktikan jartzeko udal aurrekontuen 22.000 euro erabiliko lituzkete.
Ideiak aintzat hartu. Aurreko hiru bileretan jasotako hainbat proposamen udal aurrekontuen inbertsioetatik at geratuko diren arren, horietako asko «egingarriak» direla iritzita, aurrera begira «aintzat hartuko» dituztela aipatu du Okamikak. Esaterako, udalarenak diren etxebizitzen mantentze eta berriztatze lanak egitearen ideia gauzatzen saiatuko direla azaldu du.
Aipatu batzarretara jende askorik bertaratu ez den arren, jarduneko alkatea «pozik» da prozesuak izan duen erantzunagaz, eta uste du aurrera begira, urtero egin beharko litzatekeen gauza bat dela. Hala eginez, «beharbada, jendea gehiagok parte hartuko lukeela» uste du. Gauzak horrela, eskaerak egitera gonbidatu ditu herritarrak.