Kepa Arrizabalagak kontratua berritu du Athletic Clubegaz
2025eko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua. Etete klausula 80 milioi eurotan ezarri dute. Akordioagaz pozik dago ondarrutarra, eta negoziazioa luzea izan dela aitortu duBateko eta besteko hainbat eta hainbat zurrumurruren ostean, Kepa Arrizabalag...
2025eko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua. Etete klausula 80 milioi eurotan ezarri dute. Akordioagaz pozik dago ondarrutarra, eta negoziazioa luzea izan dela aitortu du
Bateko eta besteko hainbat eta hainbat zurrumurruren ostean, Kepa Arrizabalaga ondarrutarrak 2025 urteko ekainaren 30era arte luzatu du kontratua Athletic Club taldeagaz.Jakitera eman dutenez, etete klausula 80 milioi eurotan ezarri dute. Atzo goizean eman zuen jakitera kontratuaren berritzea Athletic Clubek. Josu Urrutia presidenteak eta atezainak berak sinatu zuten kontratua Bilboko Ibaigane jauregian.
Talde bizkaitarragaz «urte askotarako» kontratua sinatzeagatik oso pozik dagoela adierazi zuen atzo ondarrutarrak. «Nire etxean ia 15 urte daramatzat. 9 urtegaz sartu nintzen, eta momentu oso garrantzitsua da».
Negoziazioa «luzea» izan dela azaldu zuen, eta «azkenean dena ondo atera delako» eta akordioa lortu dutelako pozik agertu zen. «Denbora behar izan dut gauzak pentsatzeko, egia da beste proposamen batzuk izan direla urtarrilaren 1etik aurrera kontratuagatik libre geratzen nintzelako, baina hausnarketa horren ondoren, niretzako onena hemen urte askotarako kontratua sinatzea dela uste izan dut», zehaztu zuen.
Harrobikoa
Hilabete askotako negoziazioa izan dela aitortu, eta hartutako erabakiagaz pozik dagoela berretsi zuen. «Argi dago txikitatik Athletic zalea izan naizela eta izango naizela. Athleticeko atea defendatzeak garrantzia handia izan du historian, eta pribilegio bat da».
Eskumako orkatilan daukan zaintiratuari dagokionez, azken asteetan «hobekuntza» nabaritu duela eta «bueltatzeko gertu» dagoela adierazi zuen.
Arrizabalaga 2004-2005 denboraldian sartu zen Athleticeko harrobiko taldeetan, eta orduz geroztik, klubeko talde gehienetatik igaro ostean, iaz egin zuen debuta lehen taldeagaz A Coruñan (Galizia). Aurretik, 2. mailako Ponferradina eta Real Valladolid taldeetan aritu zen utzita. Iazko azaroan Espainiako selekzioagaz ere debutatu zuen, Malagako La Rosaleda zelaian.