17-17 amaitu zen zapatu arratsaldean talde gernikarraren eta
Gaztedi Neskak taldearen arteko partidua, Urbieta Rugby Zelaian.
Zapatuan lortutako bi puntuen ostean, Gernika RTk torneoko sailkapenean postu bat gora egin du, eta
laugarren postuan dago.
25 puntu ditu, Marzola RC Riojak moduan. La Unica RTk sendo eusten dio lidertzari, 40 puntugaz. 30 puntu ditu Avia Eibar Rugbyk, eta Escor Gaztedi da hirugarrena, 26 puntugaz.
Hain zuzen, asteburu honetan lehiatuko duten azken jardunaldian
garaipena lortzea da basurdeen erronka: “Derrigor irabazi behar dugu, eta Riojak galdu egin behar du Eibarren kontra”, azaldu dute.
Lukene Uriarte kapitainaren berbetan, taldea
gogotsu aritu zen lehenengo momentutik. “Oso ondo jokatu genuen, gustura eta oso pozik gaude. Eurak baino gehiago erakutsi genuen zelaian; aurpegia eman genuen, eta eurei irabazteko gai garela erakutsi dugu”.
Argazkia: Gotzon Zuzaeta.
Lehen zatian
Eider Elordik lortu zuen etxekoen lehen entsegua, eta bigarren zatian
Gartzik beste bi lortu zituen. Leirek bakarra transformatu zuen, azken entsegua, alegia. Kapitainak zehaztu du entrenamenduak Gaztediren jokoaren arabera egin zituztela, eta horrela partidua kontrolpean izatea lortu zutela: “Bagenekien zelan jokatzen zuten, eta haiek geldiarazteko gai garela ikusi dugu”.
Etxeko jokalariek gogoa eta jarrera dutela erakutsi izana nabarmendu du Uriartek.
Basa asko egon zen zelaian eta horrek eragin zuzena izan zuen aurkarien jokoan. Uriartek azaldu duenez, eurak ohituta daude, baina Gaztedikoak ez. Gainera, aurkariek basan egin zituzten beroketak, eta ondorioz hankak kargatuta heldu ziren partidura. “Guk belar artifizialean egin genituen beroketak, haiek basastutako zelaian. Ondorioz, nekatuta heldu ziren partidura eta hori igarri zen”.