Gernika RTk
30-17 galdu zuen atzo Teixoneran.
Partidu gogorra izan zen basurdeentzat. Etxeko taldeak nagusitasunez mendean hartu zuen talde gernikarra. Katalanak indartsu zelairatu ziren, eta gaztigu-ostiko bati esker, lehia hasi eta hirugarren minutua bete berri zela
estreinatu zuten
markagailua.
Handik gutxira heldu zen Gernika RTren erantzuna. Iker Olaetak lehen puntuak eskuratzeko aukera izan zuen, baina gaztigu-ostikoa desbideratu egin zitzaion. Hala ere,
partiduaren kontrola hartu zuten basurdeek. Ondoren, beste gaztigu-ostiko bat izan zuten, baina Olaetak ez zuen transformatzen asmatu.
Basurdeak erraztasun osoz zebiltzan erasoko jokaldietan, baina azken metroetan ez zuten jokaldiak borobiltzen asmatu. Hala, etxeko taldeak bere lehen entsegua lortu zuen: 10-0.
Susperraldia ondo aprobetxatzen jakin zuten katalanek, eta errenta handitzeko baliagarria izan zitzaien bigarren entsegua egin zuten. Bautista Guemesek ez zuen bigarren entsegu hori transformatzerik lortu, baina markagailuko aldea handituz, partidua aldapan gora jarri zien basurdeei (15-0). Hain zuzen, marka horrek min handia egin zien Eduardo Maidagan eta Nico Martinezen jokalariei.
Hurrengo minutuetan arazoak ugaritu zitzaizkion Gernika RTri. Etxekoen erasoko jokaldi batean jokalari bat gutxiagogaz geratu zen; Lionel Skipwith-i txartel horia atera zion epaileak, plakatze-altu batengatik. Ondorioz, Guemesek ez zuen beste hiru puntu lortzeko aukera galdu, eta
18-0ko markagailuagaz heldu ziren
atsedenaldira.
Argazkia: Anuar Gomez.
Lehen zatian etxeko taldea erasoan buru-belarri aritu zen, eta basurdeen jokaldi arriskutsuak geldiarazteko gai zela erakutsi zuen. Bigarren zatian ere bide beretik aritu ziren katalanak.
Nagusitasunez jokatuz, hirugarren entsegua lortu zuen Bartzelonako taldeak. 23-0ko markagailua iraultzea ez zen erraza, eta etxekoen defentsa lan sendoaren eraginez, erasoko jokaldiak burutzea ia ezinezkoa izan zen basurdeentzat bigarren zatiko minutu gehienetan.
Hala ere, erasoko hainbat saiakeraren ostean, 61. minutuan arriskua sortzea lortu zuen Gernika RTk. Marka lerrotik metro gutxirako uztartzeagaz,
basurdeen aldeko zigor-entsegua adierazi zuen epaileak. Ondorioz, berriro ere partiduan sartu, eta bigarren entsegua lortu zuten; Santiago Viañaren jokaldi azkarrari esker katalanengandik 11 puntura jarri ziren (23-12).
Barcelonak partidua erabakita utzi gura zuen, eta horretarako beste entsegu bat beharrezkoa zela argi zeukaten jokalariek. Hala, basurdeen minutu onenetan heldu zen etxekoen laugarren entsegua (erasoko puntu gehigarria balio zuena). Gernika-Lumoko taldeak ez zuen amore eman, eta azken segundora arte borrokatu zuen. Abdelafatth Es Saheb basurdeak egin zuen partiduko azken entsegua.
Asteburu honetan Madrilen. 15. jardunaldiari zegokion partidua izan zen atzokoa. Asteburu honetan, berriz, 13. jardunaldiari dagokion partidua lehiatuko dute (bertan behera utzi zuten).
Complutense Cisneros talde madrildarraren zelaia bisitatuko du talde gernikarrak zapatuan (16:00).