Ia 1.800 turista gehiago hartu ditu 2017an Gernika-Lumok
Turismoak hazten jarraitzen du Gernika-Lumon, eta aurreko urteagaz alderatuta, %2,36 egin du gora. Guztira, 77.604 pertsonak bisitatu dute Busturialdeko herria 2017an, alegia, iaz baino 1.787 pertsona gehiagok. Eta udalak jakitera eman duenez, astelehena da bisitari gehien hartzen dituen eguna, aurreko urteetan bezala.
Gernika-Lumoko merkatuak turistak erakartzen dituela argi utzi du, beste urte batez; izan ere, herria bisitatu duten guztien artean %17,02 astelehenetan etorri da; alegia, 13.210 pertsonak astelehenetan bisitatu du herria.
2017an Gernika-Lumon izandako gehienak espainiar estatutik iritsitakoak izan dira (%49,87); 2017an, gainera, espainiar estatuko 3.645 bisitari gehiago hartu ditu Gernikak. Espainiar estatuko horien artean familiak nagusitu dira, eta hortik kanpokoen artean, aldiz, gazteak.
Jatorriari dagokionez, Kataluniatik iritsitakoak 5.217 lagun izan dira eta Madrilekoak, aldiz, 4.222. AZken horien kopurua hazi egin da %22. Eta Valentzia eta Andaluziatik etorritakoak ere gehiago izan dira azken urtean, %12 eta %11 gehiago, hurrenez hurren. Atzerritarren artean, aldiz, frantziarrak nagusitu dira: 5.171 lagun. Alemaniakoak 1.577 izan dira, eta Erresuma Batukoak 1.070.