Aurten ere, ez dira esku hutsik bueltatu eskualdeko harakinak Mungiatik; San Antontxu jaietako XXII. Euskadiko txorizo eta odoloste txapelketan Bermeoko eta Gernika-Lumoko harategi bana saritu dituzte. Epaimahaiaren arabera,
Gernikako Jesus Maria Martijaren harategiko txorizoa izan da denetan onena, eta B
ermeoko Baserri harategiarenak izan dira
barazkiz egindako buzkentzik gozoenak.
“Pozik” da Martija atzo Mungian hartutako sariagaz; “saria irabaztea beti baita gauza ona”. Salmenta gehiago izateko, gainera, lagundu egiten dute tankera horretako sariek harakinaren ustez. Txapelketa gehiagotan parte hartutakoa da Martija; Bermeon, Mungian, Bilbon… Baina txorizo onenaren
saria hartzen duen lehen aldia dela aipatu du. Odolosten txapelketan, bestalde, jaso izan du sariren bat edo beste.
Gernika-Lumoko harakinak dio sekreturik ez daukala beraien harategian egiten duten txorizoak: “produktua bertokoa eta ona izatean dago gakoa”. Hala, txerria bertokoa izateagaz batera, erabiltzen duten piperra ere Gernikakoa izaten da. “Piper hutsa izatea da garrantzitsua, antzina baserrietan egiten zuten moduan”, azaldu du.
Jesus Mari Martija, Gernika-Lumoko bere harategian.
Hurrengo txapelketa zein izango den ez dakien arren, horietan parte hartzen jarraituko duela adierazi du gernikarrak; sariagaz, gainera, “beti gogo gehiago” sortzen dela aitortu du. Bermeoko San Martin azokan, behintzat, parte hartuko du Jesus Maria Martijak; ez dute inoiz hutsik egiten eta.
Asier Elgezabal Bermeoko Baserri harategiko harakina ere “pozik” agertu da gaur, atzo Mungian jasotako sariagaz. Saria urte guztian egindako lanaren aitortza dela aipatu du, eta
lanean jarraitzeko indarra ematen duela aitortu du, “nahiko lan ematen baitu buzkentzak egitearena”. Mota horretako sariek salmentetan “beti” laguntzen dutela esan du: “Jendeak gustukoa izaten du saridunen buzkentzak probatzea. Gaur, esaterako, atzoko sariaren ostean jende asko etorri da galdezka”.
Baserri harategikoak saria jasotzen. Argazkia: Bermeoko Udala
San Antontxuko sariketara aurkezten diren bigarren aldia da, baina sariketa gehiagotan parte hartu izan dute. Bermeon, esaterako, San Martin azokako txapelketan parte hartu izan dute. Aurten, laugarren geratu ziren, eta, iaz, hirugarren.
Baserri harategiko buzkentzak
produktu naturalekin egiten dituztela azaldu du, produktu guztiak, gainera, bertokoak izaten direla nabarmendu du Elegezabalek, “garrantzia handia ematen diogu horri”. Sekreturik duen galdetuta, lana baino ez dela esan du.