Martxoaren 3tik 11ra egingo dute Gernikako Lekuek jaialdia
Egitarau guztia oraindik zehaztuta ez daukaten arren, Lekuek jaialdia noz ospatuko den jakinarazi dute antolatzaileek: martxoaren 3tik 11 bitarte. Gainera, egun horietan beraien musika eskaintzeko Gernika-Lumo eszenatoki hartuko duten batzuk nortzuk izango diren ere aurreratu dute.
Beste hainbategaz batera, oraintsu diskoa kaleratu duten Glaukoma eta Anita Parkerrek parte hartuko dute aurtengo Lekuek festibalean. Horiez gain, Nudozurdo, The Reverend Shawn Amos eta Balerdi Balerdi musikariek ere izango dute lekua 2018ko egitarauan.
Aurrekoetan legez, musika emanaldiak baino gehiago ekarriko du Lekuek festibalak; izan ere, erakusketak, proiekzioak, tailerrak eta «askoz gehiago» izango da aukeran martxoaren 3tik 11ra bitartean Busturialdeko herrian.
Jaialdiaren izenak berak dioen bezala, herriko leku ezberdinetan eskainiko dituzte egitarauko jarduerak; Astran, Iparragirre Rock Elkartean, tabernetan, Trinkete Antitxokoan, Lizeo Antzokian…
Jaialdiaren bosgarren edizio horri buruzko informazio gehiago datozen asteetan emango duten arren, jakinarazi dute bonoak urtarrilaren 26tik aurrera izango direla salgai. Bakarkako sarrerez gain, bonoak ere izaten dira, eta emanaldi guztietarako baliogarriak izaten dira. Hala ere, bonoek ez dute sarrera ziurtatzen, lekuetako aforo ezberdinak direla-eta.