Esentzia mantenduz baina eskarmentuak eta barne lan handiak dakarren eboluzioarekin kaleratu du
Dientes de Luna talde gernikarrak bere
azken lana. Sei kanta biltzen ditu, eta Utopista du izenburu: «Gaur egun bidezko ikusten ez dugun gizarte perfektu batetan bizitzeko itxaropena galdu barik, gu geu izateko aukera ematen digun bide bat imaginatzen dugulako”. Taldearen
bigarren lan luzea da, eta,
Mas vale tarde aurreko diskoaren eta
Mi abril singlearen oihartzunaren ostean, berriz ere erasora datorrela dio boskoteak.
Talde gernikarrak bigarren diskoa kaleratu du (Argazkia: Amaiur Zugadi)
Unai Bilbao (gitarra eta teklatua), Asier Iturbe (gitarra), Lander Egia (baxua), Joseba Mugartegi (bateria) eta Aimar Cid (ahotsa eta gitarra) dira taldekideak. Azken horrek azaldu duenez, taldearen
esentzia mantendu dute, musika berdina eginez, baina produkzioari dagokionez denbora gehiago inbertitu dute,
kalitatean hobetuz. Disko berriak abesti oso landuak dakartzala aipatu du Cid-ek. «Talde askok egiten dutena da hamabi kanta sortu eta, gero, diskoa ateratzeko batzuk kendu. Baina gure lan egiteko modua justu kontrakoa da. Kanta bat ondo edo oso ondo ikusi arte ez dugu bigarrena sortzen. Beraz, kanten kopurua kontuan eduki beharrean, saiatzen gara egiten ditugun kanta horiek borobilak izan daitezen», azaldu du. Disko berriagaz, seigarren kanta sortu ostean argi ikusi zuten kanta horiekin atera behar zutela diskoa.
Utopista Dientes de Luna dela argi nabaritzen da, Cid-en ustez, baina
abesti bakoitzak bere estiloa duela dio: «Taldeko nortasuna finkatuta dugu, eta badakigu Dientes de Luna zer den. Gero, hortik abiatuta, bakoitzak bere konponketak egiten dizkio abestiari».
Gernikan, apirilean. 2005ean sortu zen Dientes de Luna. Denbora tarte honetan, taldekideen musika
gustu ezberdinak uztartzea lortu du taldeak,
soinu propioa bereganatuz. Kaleko rock-aren eragina nabarmena bada ere, taldeak ez ditu etiketen gainetik dauden beste estilo batzuk batzertzen. Lortu dutenarekin pozik egon arren, oraingoan, esentzia berdina mantenduz, hausnarketa sakonago bat duen lana kaleratu dutela diote.
Kolaborazioak ere izan dituzte: Marea taldeko
Kutxi Romerok eta Hesian taldeko
Zuriñe Hidalgok kolaboratu dute gernikarren lan berrian. Euskarazko abesti bat ere bildu dute lanean, eta beste bat dute gazteleraz eta euskaraz. Cid-ek berak esan duenez, taldekideek argi izan dute euskaraz kanta bat atera behar zutela, «
gure hizkuntza delako».
Bihar egingo dute lan berriaren
aurkezpena, 10:00etan, Bilboko Azkena aretoan. Barikuan, berriz, aurkezpen kontzertua emango dute, leku berean, 22:30ean. Aurkezpen birarako datak zehaztuta, martxoan eta apirilean ere agenda beteta du taldeak.
Gernikan, apirilean ikusi ahalko da taldea zuzenekoan,
Iparragirren. Diskoak aurkezpen egunean jarriko dituzte salgai.