Demikuko XI. mendi martxa
otsailaren 11n izango da aurton.
Plazak mugatuak izaten direnez,
aurretiaz izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek, eta horretarako azken eguna
otsailaren 9a izango da.
Ibiltariak martxa egiten. Argazkia: Aintzane Ibar
Izena emateko
demikumartxa@hotmail.es helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da. Mezu horretan parte hartzaile bakoitzak izen abizenak, herria, NAN zenbakia, gizona ala emakumea den, telefono zenbakia, posta elektronikoa eta ibilbide luzea edo laburra egingo duen zehaztu beharko du.
Dortsalak soberan gelditzen baldin badira, mendi martxaren egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela azaldu dute.
Luzea eta laburra. Aurrekoetan bezala, Demikuko mendi martxan
bi ibilbide egongo dira aukeran:
luzea 25 kilometrokoa eta laburra 12 kilometrokoa. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, 300 lagunek parte hartuko dute ibilbide luzean, eta, 100 lagunek, berriz, laburrean.
Ibilbide luzea helduei zuzendutakoa da, eta laburrean umeek ere parte hartu ahalko dute. Bi ibilbideetako parte hartzaileak Demiku auzoko baseliza aurretik aterako dira.
Ibilbide luzea 08:30ean abiatuko da, eta
laburra, berriz, 10:00etan.
Honakoa izango da parte hatzaileek egin beharreko ibilbidea: Demiku-Katilotxu-Montemoro-Busturia-Paresi-Sollube-Demiku. Ibilbide guztia seinalatuta egongo dela azaldu dute. Inor ez galtzeko, gainera, antolatzaileak eta motodun laguntzaileak egongo dira bidean.
Kontrol mahaia, baselizan. Kontrol mahaia, urtero legez, Demikuko baselizan jarriko dute, eta martxa hasi aurretik parte hartzaile guztiek derrigorrezkoa izango dute hara hurbiltzea zenbakia hartzeko. Aldez aurretik abisatuta, gainera, parte hartzaileek arropak edo motxilak gordetzeko aukera edukiko dute.
Demikun
ibilgailuak aparkatzeko lekurik ez dagoela eta, parte hartzaileei
oinez joateko deia egiten die antolatzaileek, Bermeotik Demikura 1,5 kilometroko distantzia baino ez dagoela gogorarazita.