Busturialdeko enpresetan trebatu ahalko dira bertoko 10 gazte
Lana bilatzea lana da programaren eta Gaztedi Busturialdea egitasmoaren baitan, Busturialdeko gazteei enpresetan trebatzeko aukera eskaini nahi diete bertoko hainbat udalek (Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrietako udalek) Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera.
Hala, beste urte batez, lanekoak ez diren hamar formazio beka banatuko dituzte eskualdeko gazteen artean. Bekadunek benetako lan merkatura gerturatzeko eta prestakuntza eta lana uztartzeko aukera edukiko dute gehienez sei hilabetez.
Bete beharrekoak. 18 eta 25 urte bitarteko gazteek edukiko dute ikasitakoa praktikan jartzeko eta ordaindutako lehen lan esperientzia izateko aukera.
Beka jasotzeko, hala ere, hainbat baldintza bete beharko dituzte interesa daukatenek. Langabetuek baino ezin izango dute eskaria egin, eta, horrez gain, Lanbiden izena emanda eduki beharko dute. Gainera, ikasketa maila ere egiaztatu behar izango dute: Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako edo goi mailako titulua, profesionaltasun ziurtagiria edo unibertsitate titulua (diplomatura, lizentziatura edo gradua), kasuan kasu.
Beste alde batetik, aurretiaz jarduera berean hiru hilabete baino gehiagoko lan harremanik edota esperientzia profesionalik izan ez duten gazteek baino ezingo dute beka eskatu.
Eskariak egin daitezke. Gaztedi Busturialdea Bekak programan parte hartu gura duten eskualdeko gazteek edo enpresek Bermeoko Udalaren Gazteria Zerbitzuagaz harremanetan jarri beharko dute, 94-617 91 58 telefono zenbakira deituta edo GIZera joanda, Gizarte eta Kultura Etxean.
Eskaria Gaztedi Busturialdearen webguneko Bekak atalean ere egin daiteke.
Beken onuradunen hautaketa prozesua Lanbidegaz batera egingo dute, enpresek eskatutako profilak oinarri hartuta.
Lehenengoz lan arloan esperientzia lortzea da Gaztedi Busturialdea beken helburua, lan merkatuan errazago sartzea ahalbideratuz. 2014. urteaz geroztik, eskualdeko 35 gaztek egin dituzte praktikak bertoko enpresetan, eta asko, gainera, lanean geratu dira ostean.