Konponbiderako gizarte zibilaren garrantzia azpimarratu dute Bilbon
Haur motxiladunak izan ziren lehenengo aldiz manifestazioren buru. Ideologien gainetik eskubideen alde lanean jarraitzeko deia egin dute. Urrian Madrilen egingo da manifestazioaKonponbidea lortzeko gizarte zibilaren garrantzia azpimarratu zuten zapatua...
Haur motxiladunak izan ziren lehenengo aldiz manifestazioren buru. Ideologien gainetik eskubideen alde lanean jarraitzeko deia egin dute. Urrian Madrilen egingo da manifestazioa
Konponbidea lortzeko gizarte zibilaren garrantzia azpimarratu zuten zapatuan Bilbon egindako urteroko manifestazioan. Sare herritarrak deituta, milaka lagunek bat egin zuten mobilizazioagaz; 100.000 izan ziren Sarek berak egindako azken zenbaketaren arabera.Aterkin uholdeak hartu zuen Bizkaiko hiriburua 17:30etik aurrera, eskari argi bategaz: dispertsio politikagaz amaitu eta presoen zein haien senideen eskubideak errespetatzea. Frantziak «datozen asteetan» euskal presoak gerturatuko dituela ezagutu zen eguna izanik, Madrili pausoak emateko eskatu zioten manifestariek. Besteak beste, Sorturen, EH Bilduren, ELA eta LAB sindikatuen zein Euskal Herriko Apaizen Koordinadoraren atxikimendua eduki zuen manifestazioak. Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude. Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelope- an abiatu zen Casillatik.
Manifestazioaren buruan, pankartari helduta, Beatriz Talegon, Nahikari Otaegi preso ohia, Peru del Hoyo iaz kartzelan hil zen Kepa del Hoyo presoaren semea; Jose Antonio Lasa GALeko biktimaren arreba Asun Lasa, Iñaki Lasagabaster EHUko katedraduna, Anais Funosas Bake Bidea ekimeneko kidea eta Kirmen Uribe idazle ondarrutarra. Eurekin, Jordi Sanchez ANCko presidente kartzelatuaren anaia Xavi Sanchez eta Jerome Glizes Parisko Udaleko Berdeen zinegotzia eta Ramon Zallo EHUko katedraduna.
Haur motxiladunak
Zapatuko beste protagonistak Haur motxiladunak izan ziren, haiek Mirentxinen furgoneten atzetik abiatu ziren, manifestazio buruan. Hain zuzen ere, beraiek izan ziren ekitaldiko lehenengo protagonistak. Argi esan zuten: «Haiekin haztea da gure eskubidea».
Kike Amonarrizek eskerrak eman zizkien manifestaziora joan zirenei. Ideologien gainetik, eskubideen alde lanean jarraitzeko deia egin zuen: «Jadanik sufrikario handia eragin duen gatazka amaitu nahi dugu». Justiziaren berrikuspena eta hura eskuzabaltasunez erabiltzea eskatu zuen.
Bakegileek egindako lana ere omendu nahi izan zuten, eta gizarte zibilagaz egindako lana berretsi. Hegoaldean ere izan direla aurrerapenak azpimarratu zuen Amonarrizek. Gogoratu zuen PPk eta UPNk ez beste alderdi guztiek onartu zutela gaixo dauden presoak askatzeko eskatzen zuen testua Nafarroako Legebiltzarrean eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoakoan, eta eskaera horregaz bat egin zutela sindikatuek ere.
Gizarte zibilaren lana beharrezkoa dela azpimarratu zuten. «Estatuak ez dira bakarrik mugitzen, jendarte aktiboa behar dugu». Gaixo daudenak libre, denak jaioterritik gertuen dauden kartzeletan, gradu aldaketak eta bizitza osorako zigorrik ez. Horiexek izan ziren eskaerak. «Animo, eta segi lanean, lortuko dugu». Kataluniako presoei ere elkartasuna adierazi zieten.
Presoen hurbilketa
Frantzia euskal presoak gerturatzen hasiko dela baieztatu zuen zapatu goizean bertan Jean-Noel Etxeberri Txetx bakegileak Radio Euskadin: datozen asteetan Frantzia euskal presoak gerturatzen hasiko da Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara. Atzo Jonan Fernan- dez Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubideen eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak esan zuenaren arabera, «prozesu progresiboa, mailakatua eta bakarkakoa» izango da.
Frantziako Ministerioaren hitzak erabiliz Diario Vasco-k zabaldu duenez, epaiketa eginda daukaten presoak gerturatuko ditu, haiek banaka egindako eskaerei jarraituz. 61 euskal preso daude gaur egun Frantziako espetxeetan; haietatik sei, Lannemezanen, eta bat, Mont-de-Marsanen. Guztietatik sei bakarrik daude epaitu gabe, eta, beraz, horiek Paris inguruan mantenduko dituzte. Lea-Artibai eta Busturialdekoak ere badaude tartean: Aitzol Etxaburu ondarrutarra sorterritik 1.008 kilometrora dago, ia Suitza eta Alemaniako altueran, Clairvaux-ko presondegian, Bayelen. Javi Abaunza gernikarra Moulins-Yzeuren dago, etxetik 800 kilometrora eta Ibon Goieaskoetxea busturiarra, ostera, Arlesen, 750 kilometrora.
Sarek balorazio prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Espainia mugiarazteko lanean jarraituko dute. Bertan esan zuten urrian Madrilen (Espainia) manifestazio bat egin nahi dutela.
Azken hilabeteetan zenbait eragilegaz hartu-emanetan dabiltzala aitortu zuten: «Estatuak ez dira mugitzen, mugiarazi egin behar dira».