Emakume Master Cupen kanporaketa jokatuko da Markina-Xemeinen
Atarian da eskuz binakako 2018ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketa, emakumeen esku pilotako txapelketarik garrantzitsuena.Hilabete honen amaieran hasiko da, eta lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira, ondo bidean, Mendizorrotza Kirol ...
Hilabete honen amaieran hasiko da, eta lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira, ondo bidean, Mendizorrotza Kirol Esparruan. Hurrengoak, berriz, Bizkaira datoz, eta aukeratutako hiru frontoien artean egongo da estreinako Markina-Xemeingoa; beste biak Larrabetzu eta Santurtzi izango dira.
Ondoren, Gipuzkoara egingo du salto txapelketak. Antolakuntzak hala egitea erabaki du, nahita, emakumezkoen esku pilotak Gipuzkoan hartu duen indarra metatu, saritu eta erakusteko. Era horretan, finalerdiak Oñatin jokatuko dira, eta finalak, Eibarko Astelena mitikoan.
Pilotarien artean egongo dela baieztatu du Leire Etxaniz etxebarritarrak. Etxaniz Gautegiz-Arteagako Olatz Arrizabalagaz batera, iazko eskuz binakako Elite mailako txapelduna izan zen. Pilotari etxebarritarrak, eskuz binakakoa ez ezik, lau eta erdiko banakako txapela ere jantzi zuen abenduan.
Antolakuntzak azaldu duenez, iazko Lehenengo maila eta Elite maila berrizendatu egin dituzte aurtengo txapelketarako, gizonezkoentzat erabiltzen diren mailen izendapenagaz parekatzeko. Beraz, bi mailatan jokatuko da txapelketa: Promozio-maila eta Lehen maila. Gorengo mailan ariko dira beste behin ere Etxaniz eta Arrizabalaga.