Eguen iluntzeko uholdeen ondoren lokatzez beteta geratu ziren erreka inguruko kaleak. Ezusteko itzela hartu zuten herritarrek; hainbat
etxebizitza, taberna, garaje, banketxe, soto eta lokaletara sartu zen ura.
Halaber,
Altxikar auzoan lurjausia ere gertatu zen, eta zenbait garaje eta lokal hartu zituen urak. Gaur oraindik ere lokatzez beterik daudela jakitera eman dute.
Argazkia: Eako Udala.
Bolondres talde batek eta udal langileek barikuan egunak argitzeagaz batera ekin zieten garbiketa lanei, eta zapatuan ere zeregin horretan jarraitu zuten. Aitor Okamika jarduneko alkateak zehaztu duenez,
gaur oraindik ere garbiketa lanekin jarraitzen dute.
Udaletxe atzeko aparkalekura igarotzeko dagoen zubi parean egin zuen gainezka errekak. Bat-batean urez beteta geratu zen ingurua, eta udalerria zeharkatzen duen errepide nagusia moztuta geratu zen (Donibane Enparantza).
“Oraindik kalteak baloratu gabe daude. Ezustekoetarako laguntzak aktibatzeko edo martxan jartzeko asmoa daukagu; herritarrak udaletik pasatu beharko dira kaltetuak eta kalteak zenbatekoak izan diren jakiteko”, adierazi du Okamikak.
Udaletik jakitera eman dutenez,
aste honetan “bolumen handiko zaborren bilketa” egingo dute, eta horretarako, bizilagunei eskatu diete “trastoak etxeetatik hurbilen dituzten kontenedoreen gunean uzteko”.
Argazkia: Eako Udala.