Murueta bosgarren sailkatu da 680 kilotan
Goma Gaineko 2018ko Euskadiko Sokatira Txapelketa zapatu arratsaldean hasi zuten Laukizen, gizonezkoen 680 eta emakumezkoen 540 kiloetako kategoriekin.
Murueta taldeko sokatiralarien berbetan, taldean “egiteko lan asko dutela argi ikusi” zuten. “Akats ugari egin genituen, eta nerbioek ere ez ziguten lagundu”.
680 kiloko kategorian saio bakarra jokatu dute. Ibarra izan zen zapatuan onena; 21 puntu eskuratuta jantzi zuten 680 kiloko txapela gipuzkoarrek. Gaztedi sailkatu zen atzetik, 16 puntugaz, eta hainbat arratzuar dauden Sokarri talde bizkaitarra sailkatu zen hirugarren postuan, 11 puntugaz. Muruetaren aurretik, Zuraide sailkatu zen laugarren. Hain zuzen, bi taldeek hamarna puntu lortu zituzten, eta ondorioz, Zuraidek eta Muruetak berdinketa hausteko tiraldia jokatu zuten.
Beti Gazte izan zen seigarrena, eta haren atzetik geratu ziren Abadiño eta Gabat-Jutxi.
Hala, nesken 540 kiloko lehen saioari dagokionez, Badaiotzek eskuratu zituen puntu gehien (4 puntu) Laukizen, zapatuan. 3 puntugaz Gaztedi sailkatu zen bigarren. Ibarra izan zen hirugarrena (2 puntu) eta Beti-Gazte laugarrena (puntu bat). Bigarren jardunaldia domeka honetan lehiatuko dute Mungian, eta finala hilaren 27an izango da (oraindik ez dute zehaztu non).
Asteburuan. Bestalde, domeka goizean [urtarrilak 21] lehiatuko dute 640 kiloko lehen saioa Mungian. Kategoria horretan 10 talde lehiatuko dira: Murueta, Sokarri, Abadiño A, Abadiño B, Beti-Gazte, Gaztedi, Ibarra, Gabat-Jutxi, Ñapurrak-Lagunak eta Zuraide.
Bigarren jardunaldia hilaren 28an izango da Azkoitian, eta Idiazabalek hartuko du finala, otsailaren 10ean.
Muruetako taldeak gizonezkoen kategoria guztietan parte hartuko du: 680 kilokoan, 640 kilokoan, 600 kilokoan eta 560 kilokoan.