Mutriku-Deba errepidean bidegorria egitea onartu dute Batzar Nagusiek
Proiektuak ez zuen hasieran bidegorria egitea aurreikusten, baina zenbait alderdi politiko eta eragileren alegazioei esker bidegorria egin behar dela onartu zuten atzo, DonostianMutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanetan bidegorr...
Proiektuak ez zuen hasieran bidegorria egitea aurreikusten, baina zenbait alderdi politiko eta eragileren alegazioei esker bidegorria egin behar dela onartu zuten atzo, Donostian
Mutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepidea hobetzeko lanetan bidegorria egitea onartu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusiek, aho batez.Bilkurako bigarren puntua zen GI-638 errepideko bidegorriari buruzkoa, eta bertan hainbat herritar, talde zein alderdik egindako bidegorriaren proposamena landu zen. Proiektuak ez zuen bidegorria egitea aurreikusten, baina alegazioei jaramon eginez, Batzar Nagusiek bidegorria egiteko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Iñaki Egibar EAJko batzarkideak azaldu zuen jeltzaleen iritzia Batzar Nagusietako bilkuran. Egibarrek argi utzi nahi izan zuen lanen helburua zein den: «Mutriku-Deba errepidea hobetzea da helburu nagusia, zirkulazio erosoagoa eta baldintza seguruagoak ezarriz, mutrikuarren eskaerari erantzun emanez, herritarrek sarbide duina izan dezaten udalerrira». Baina aitortu zuen bidegorria ere egin beharrekoa dela, eta pozik agertu zen proposamen horrek jaso zuen babesarekin: «EAJ-PNV batzarkide taldea onartutako proposamenak jaso duen babes zabalagatik pozik da».
Mutrikuko EH Bilduk esan zuen duela hilabete batzuk EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk adostutako ekimenari esker eta bizikleta zaleen elkarteen bultzadarekin lortu zela proposamena atzoko batzarrera eramatea.
Atzoko proposamena onartuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari ofizialki eskatu zioten Mutriku-Deba errepidean egingo diren hobekuntza lanak baliatuz ahal den zatietan bidegorri bat egitea.
Bidegorria egiteko Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde-Plan Sektorialak proposatutako ibilbidea jarraitzea eskatu zuten Batzar Nagusiek. Horrez gain, bidegorria txirrindulari eta oinezkoen erabilpenerako izatea ere adostu zuten; orografiari lotutako bidegorria egitea onartu zuten guztiek.
Egibarrek bidegorria eraikitzeak dakartzan zailtasunak azpimarratu nahi izan zituen atzokoan: «Edukiko dituen 2.410 metroetatik 540 metrotan, oinezko- entzako bidea ere izango den itsasorantz ateratako bide batean egingo dira (hauetatik 240 metro hondartzaren gainetik eta beste 110 metro kostaldeko lerroari jarraituz), beste 100 metro hormetan oinarrituta egingo dira, 1.170 metrotan lurraren gainean egingo dira, 360 metrotan dagoeneko badauden, baina utzita dauden bide zatiak berrerabiliko dira, eta 240 metrotan ez da egitekorik egongo, dagoeneko badagoelako oinezkoentzako bidea.
Mutrikuko EH Bilduko zinegotziek pozgarritzat jo zuten bidegorria egitea onartzearen albistea: «Berri pozgarria da dudarik gabe Mutrikurentzat. Beti ez, baina batzuetan indarrak batuta, goiko instituzioetan harturiko erabakiak alda daitezke eta ezinezkoa posible bihurtu».
Gainerako alegazioen kasuan ere, foru aldundiak jarrera irekiz jokatzea eta kontuan hartzea eta babestea ere eskatu zuen Mutrikuko EH Bilduk, berritze lanek kaltetutako herritarren interesak defendatzea ere oso garrantzitsua dela iritzita.
Egibarrek proiektua Espainiako Sustapen Ministerioarekin lantzerakoan izandako arazoak azpimarratu nahi izan zituen atzokoan. «Bereziki Ondarbeltz hondartzan proiektuak izango duen eragina argudiatzeko unean izan dira arazoak»,
Arazoa, hain zuzen ere, itsaso gainean eraikitzea aurreikusten diren 2,80 metroko hegalak eta hondartzan bertan eraiki beharreko 5, 50 metroko hegalak gutxieneko eragina izango zutela argudiatzean iritsi zen.