Errefuxiatuen bizipenak bildu dituzte
Lau umeren bizipenak bildu dituzte, lau ataletan. Open Cultural Center GKEk kaleratu du liburua, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren laguntza izan du euskaratzeko. Liburua 10 eurotan dute salgaiErrefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren umeen sent...
Lau umeren bizipenak bildu dituzte, lau ataletan. Open Cultural Center GKEk kaleratu du liburua, eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren laguntza izan du euskaratzeko. Liburua 10 eurotan dute salgai
Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren umeen sentipenak biltzen dituen liburua kaleratu dute. Lagun Maitea! izena jarri diote lanari, eta, Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea plataformak azaldu duenez, «berezia» da; izan ere, umeen begietatik eta sentipenetatik sortutakoa da. Horrez gain, Lagun Maitea! liburuko marrazkiak eta testuak Siriatik alde egin eta errefuxiatuen kanpamenduan bizi diren umeek marraztu eta idatzi dituztela azaldu du plataformak.Hain zuzen, lau umek parte hartu dute liburu horren lanketan: Braim (11 urte), Heva (9 urte), Amar (6 urte), Mayssam (9 urte). Azaldu dutenez, liburua lau zatitan banatzen da: Lehenengo atalak Siriako bizimodua azaltzen du; bigarrenak Siriatik Greziarako bidean bizitakoak batzen ditu; hirugarren atalak, berriz, errefuxiatuen esparru batean bizimodua nolakoa den erakutsi nahi du, eta laugarrenean, etorkizunari begira jarri dituzte liburuko protagonistak, geroari galdera ikurra erantsiz.
Lagun Maitea! liburua Open Cultural Center Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) kataluniarrak kaleratu du, eta euskarazko argitalpena egiteko Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren laguntza eduki dute.
Gernikan eta Bermeon
10 euro balio ditu liburuak, eta irabaziak Open Cultural Center GKEk Greziako Chersoko errefuxiatu esparruan zein beste eremu batzuetan dituen proiektuetara bideratuko dituzte.
Liburua Bermeon eta Gernika-Lumon eros daiteke. Hain zuzen, Gernika-Lumon Astran, Bakearen Museoan, udal liburutegian, Barrutia ikastetxean eta Obaba liburudendan dituzte salgai. Bermeon, berriz, Luma liburu dendan, udal liburutegian eta eskola publikoaren guraso elkartean. Beste alde batetik, 635 72 50 62 edota 688 80 02 21 telefono zenbakietara whatsApp mezu bat bidalita ere eskatu daiteke liburua.