Urtarrilaren 31 baino lehen eskuratu behar da TAO txartela
Gernika-Lumoko Udalak jakinarazi duenez, TAO txartelaren ordainketa helbideratuta daukaten gernikarrek urtarrilaren 31ra arteko epea daukate beraien egoiliar txartela jasotzeko. Orain arte bezala, aurten ere, erakundeak Gernika-Lumon daukan bulegora (Iñigo Lopez de Haro kalea, 6, baxua) jo beharko dute.
Txartel horiek jasotzeko ordutegia ere zehaztu du udalak: astelehenetik eguenera 09:30etik 13:30era eta 16:30etik 19:30era eta barikuetan eta zapatuetan 09:30etik 13:30era.
Gai horri buruzko informazio edo argibide gehiago nahi duenak 94-625 73 19 telefonora deitu ahalko du.
Halaber, udalak gogorarazi du otsailaren 1etik aurrera TAO guneetan aparkatutako autoek 2018ko eranskailua jarrita eduki beharko dutela; “ez daukaten egoiliarren ibilgailu guztiei isuna ipiniko diotelako”.