Errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren umeen sentipenak bildu dituzte liburu batean
Lagun Maitea! izena jarri diote liburuari. Ongi Etorri Errefuxiatuak Busturialdea plataformak azaldu duenez, “berezia” da liburua; izan ere, umeen begietatik eta sentipenetatik sortutako liburua da. Are gehiago, Lagun Maitea! liburuko marrazkiak eta testuak Siriatik alde egin eta errefuxiatuen kanpamenduan bizi diren umeek marraztu eta idatzi dituzte.
Lau umek parte hartu dute liburuan: Braim (11 urte), Heva (9 urte), Amar (6 urte), Mayssam (9 urte).
Liburua lau zatitan banatzen dela azaldu dute: 1. atala, Bizitza Sirian; 2. atala, Siriatik Greziara; 3. atala, Bizitza errefuxiatu-esparru batean; eta 4. atala, Etorkizuna?.
Lagun Maitea! liburua, Open Cultural Center Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) kataluniarrak kaleratu du, eta euskarazko argitalpena egiteko, Ongi Etorri Errefuxiatuak Bizkaia plataformaren laguntza izan dute.
10 euro balio du liburuak, eta irabaziak Open Cultural Center GKEk Greziako Chersoko eta beste errefuxiatu-eremu batzuetan dituen proiektuetara bideratuko dituzte.
Lagun Maitea! liburua Bermeon eta Gernika-Lumon eros daiteke. Gernika-Lumon, Astran, Bakearen Museoan, udal liburutegian, Barrutia ikastetxean eta Obaba liburudendan aurki daitezke. Bermeon, berriz, Luma liburu dendan, udal liburutegian eta eskola publikoaren guraso elkartean. Bestalde, 635 72 50 62 edo 688 80 02 21 telefono zenbakietara WhatsApp bat bidalita ere eska daiteke liburua.