Egia-Iriondo, betikoa baina formatu berrian
Herriko lasterketarik ezagunena eta beharbada maitatuena ere bada Egia-Iriondo memoriala. Herriko bi lagunen arteko apustu batetik sortutako lasterketa herri osoarengana zabaldu zen lehenengo, eta formatua berrituta dator orain.Berritasunekin baina bet...
Herriko lasterketarik ezagunena eta beharbada maitatuena ere bada Egia-Iriondo memoriala. Herriko bi lagunen arteko apustu batetik sortutako lasterketa herri osoarengana zabaldu zen lehenengo, eta formatua berrituta dator orain.
Berritasunekin baina betiko oinarriagaz. Horrela dator aurtengo Egia-Iriondo memoriala.Abenduaren 30ean ospatuko dute aurtengoa, 12:00etatik aurrera; nagusiena 13:00ean hasiko da. Betiko lekuan hasi eta betikoan amaituko da; hau da, Berriatuan hasi eta Ondarroako Alde Zaharrean amaitu.
Ondarroako Udala arduratu da lasterketa antolatzeaz, Ondarroako Atletismo Taldearen laguntzagaz. Azken urteetan atletismo taldea izan da antolakunkin arduratu dena, baina taldeko ordezkariek aitortu dutenez, «gizartearen aldaketek eraginda», memorialak beraiek zeukaten antolatzeko gaitasuna baino gehiago eskatzen zuen: «urte luzez asegururik gabe egin izan den lasterketa da; orain, baina ezin dugu arrisku hori hartu».
Esan dutenez, aspaldi ari dira Ondarroako Udalarekin harremanaetan, eta memoriala antolatzearen ardura eurek hartzea «positibotzat» jo dute.
Antolatzaile berriak, eta lasterketak ere gauza berriak ekarriko dituela jakinarazi dute. Dena den, lasterketak oinarrian mantenduko ditu, eta aldaketak, beti ere, orain artekoa hobetzeko asmoarekin egingo dutela zehaztu dute.
Ondarroako Udaleko kirol zinegotzi Unai Barrenetxeak esan duenez, beraiek udalean sartu zirenetik egon da mahaian jarri eta elkarrizketarako borondatea, eta argi zuten Egia-Iriondo antolatu beharreko zerbait zela. Gaineratu duenez, ulertzen dute atletismo taldeak udalari egindako eskaria, Ondarroako kirol ekintza sinbolikoetako bat den heinean. «Gauza oso polita da, urte luzez egiten dena baina baditu zenbait arrisku», gaineratu du zinegotziak.
Azpimarratu nahi izan dute udala antolakuntzan sartzeak zenbait berritasun ere dakartzala. Aurten lehenengo aldiz, Egia-Iriondoren baitan beste zenbait lasterketa egingo direla aurreratu dute. Horren arrazoia segurtasuna ahalik eta gehien bermatzea dela azaldu dute: «Guk, udal modura, ikusten genuen korrikalariak lasterketaren edozein puntutan errepidera sartu eta lasterketagaz bat egiteak arriskuak zeuzkala; beraz, moldaketa hauek segurtasun falta ahalik eta gehien murrizteko eta lasterkariak ahalik eta kontrolatuen edukitzeko xedeagaz egin ditugu».
Umeen lasterketak
Arrazoi horiek tarteko, haurrentzat lau lasterketa egitea erabaki dute Ondarroako Udalak eta Ondarroako Atletismo taldeak. Lehenengoa 2010. urtetik aurrera jaio diren neska mutilek parte hartzeko izango da, eta 12:00etan hasiko da. Zeledonio parean hasi eta 200 metroko ibilbidea egingo dute helmugaraino. Bigarrena 12:10ean hasi eta 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek lehiatuko dute. Zaldupeko zubitik hasita, 450 metroko ibilbidea egingo dute. Hirugarrenak, 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoentzat, ibilbide bera izango du eta 12:20ean hasiko da. Azkenik, 2002 eta 2005 urteen artean jaiotakoentzako lasterketak kilometro bateko ibilbidea izango du Kamiñazpiko biribilgunetik hasi eta helmugaraino; 12:30ean hasiko da.
Alde Zaharrean ere giroa apurka-apurka sortzen joatea ere bada aurtengo lasterketen helburua. «Apustu polita dela uste dugu, herrian giroa sortzeko eta lasterketa nagusia heltzerako gazteenek ere giro ona bertatik-bertara bizitzeko», esan du zinegotziak.
Orkatz Beitiak aitortu duenez, duela zortzi bat urtera arte milia hiritarra egiten zuten Ondarroan, eta herritarrek «milian lehiatu eta Egia-Iriondon parte hartu egiten zutela». Behin hori desagertuta, «herrian zegoen hutsunea betetzen ahalegindu dira, «hau da, lehiatu edota parte hartu nahi dutenentzako lasterketa izatea Egia-Iriondo».
Hori dela eta, nagusien mailako irabazleei, neskei zein mutilei, txapelak emango dizkiete, eta txikien artean ere garaikurrak banatuko dituzte: «gure asmoa, garaikur horiez gain, ume guztientzako opariak egotea da», zehaztu du Barrenetxeak. «Nagusientzat, txapelez gain beste oparirik ez badago ere, saiatuko gara haurrek zerbait izzan dezaten». Udalaren egoera ekonomikoa kontuan hartuta, udal arduradunek diote ezin dutela oparirik bermatu nagusien lasterketarako.
2004an eduki zuen memorialak parte hartzaile kopururik handiena: 600 lagun. Barrenetxeak esan du aurten 500 dortsal eskatu dituztela, eta denak banatzea espero dute.
Hala, antolakuntzak dei egin nahi izan die bai haur eta kadete mailako neska-mutilei, eta baita emakumezkoei ere lasterketan parte hartzera: «zorionez, emakumeak ere kirolean geroz eta gehiago dira eta».
Argi laga nahi izan dute herritarrek eta herritar ez direnek parte hartu dezaketela lasterketan: «udalak ezin du esan berak antolatutako lasterketa batean ondarrutarrek soilik parte hartu dezaketela».
Memorialari beste kutsu bat emango diote aurten, eta herritarrentzakt polita izatea espero dute, eta esan dutenez, amaitutakoan egingo dute balorazio batzarra, asmatu duten ikusteko. Bitartean, baina, lasterketan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei: «herriko kirol ekintza politenetako bat delako».
Amaieran, beti bezala, sari banaketa eta Egia eta Iriondori aipamen berezia egingo dituzte. Eskerrak eman nahi izan dizkiete antolakuntzan lagundu dutenei.