Muruetak Bizkaiko finala jokatuko du zapatuan
Bizkaiko Sokatira Txapelketaren finala jokatuko dute zapatu arratsaldean Arrigorriako Udal Kiroldegiko frontoian.
Sei talde ariko dira zein baino zein gehiago eta horietako bi Muruetakoak izango dira. Laukizetik ere Gaztediko bi talde sailkatu dira Bizkaiko finalera. Horiekin batera, hainbat arratzuar dauden Sokarri Arrigorriagako taldea eta Abadiño lehiatuko dira, 17:00etatik aurrera.
Azaroan jokatu zituzten Bizkaiko Sokatira Txapelketaren kanporaketak Sondikan eta Laukizen.
Azaroaren 12an Sondikan jokatu zuten lehenenengo jardunaldian Muruetako bi taldeak bosgarren eta seigarren sailkatu ziren; Gaztedi A izan zen onena Sondikan, eta Gaztedi B sailkatu zen bigarren.
Azaroaren 19an Laukizen lehiatutako bigarren jardunaldian Murueta A hirugarren sailkatu zen eta Murueta B laugarren. Gaztedi A izan zen irabazlea, eta haren ostean Sokarri sailkatu zen.
Hain zuzen, bi jardunaldien emaitzak batuta, Gaztedi Ak batu zituen puntu gehien: 13,5 puntu. 11 puntugaz Sokarri izan zen sailkapen orokorreko bigarrena, eta bi puntu gutxiago bildu zituen Gaztedi Bk. Murueta A laugarren geratu zen, 7,5 puntugaz eta Murueta Bk 6,5 puntu lortu zituen bi jardunaldietan. Halaber, Abadiño Ak ere Murueta Bk bezain beste puntu batu zituen, eta Abadiño B, ostera, 2 puntu eskuratuta, finaletik kanpo geratu zen.