Zesta puntaz gozatzeko aukera egongo da
bihar eta etzi Ezkurdi frontoian. Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresetako bina bikote onenak lehiatu dira, ikuskizun ederra eskaintzeko gogotsu.
Gainera, Gotzon
Enbil beteranoaren agurreko jaialdia izango da. Zumaiarrak
Roke Alberdi gernikar gazteagaz osatuko du bikotea zapatuan. Finalaren aurretik Arrieta eta Garitaren kontra jokatuko dute.
Ekainean Mexiko Hirian abiatu zuten Jai Alai World Tour 2017 txapelketa. Besteren artean, Gernika-Lumon, Mutrikun, Donostian, Markina-Xemeinen, Bilbon, Lekeition, Durangon, Hondarribian eta Zumaian zaleak gozarazi ostean, heldu da final handiaren eguna.
Bi gernikar ariko dira biharko finalerdietan. Batetik,
Xabi Barandikak Ibon Aldazabal berriatuarragaz jokatuko du, Mikel Egiguren donostiarraren eta Imanol Lopez zumaiarraren kontra. Hain zuzen, horiek dira txapelketa irabazteko faborito nagusiak.
Bestetik,
Diego Beaskoetxeak Ekhi Martinez gasteiztarra izango du atzealdean, eta horiek
Christophe Olha garazitarraren eta Xabi Inza hendaiarraren kontra jokatuko dute finalaurrekoa.
Barandika, Beaskoetxea eta Aldazabal.
Bihar 21:30etik aurrera jokatuko dituzte finalerdiak, eta etzi 18:00etan hasiko da ikuskizuna. Sarrerak 10 eurotan jarriko dituzte salgai txarteldegian.
Daniatik bueltan. Aurreko urteetan ez bezala, bertoko puntistak Gabonetako oporraldian Euskal Herrira itzuli dira aurten lehiatzera. Barandika,
Beaskoetxea eta Aldazabal Dania Jai Alaitik heldu dira. Beaskoetxea izan da amaitu berri duten denboraldiko onena, eta Egiguren-Lopez bikotea faboritoa izan arren,
gernikarrak eta Ekhik ezustekoa eman dezakete Durangon. Arabarrak profesionaletan lehen denboraldia bete du, eta debutatzetik onenekin jokatzera pasatu da. Titulua irabazteko gogotsu daude, eta gogor borrokatuko dira. Baina, Egigurenek titulua berresteko erronka dauka (iaz Enbilegaz irabazi zuen txapelketa). Donostiarrak berezko izaera lehikorra dauka, eta Lopez ia beti da faboritoa.
Aipatu moduan, Lopezek eta Egigurenek Barandika eta Aldazabalen kontra lehiatuko dute finalerdia, eta azken horiek presio barik jokatuko dute. Gernikarrak adoretsu jokatuta, ondo aprobetxatu du aurtengo denboraldia. Berriatuarrak pilotakadarik azkarrenaren
errekorra lortu berri du, eta Lopez handiaren kontra erakutsi beharko ditu bere bertuteak.
Enbilen azken funtzioa. Zumaiako atzelariarentzat egun hunkigarria izango da zapatukoa. Enbilek eta Alberdik bi durangan izango dituzte parez-pare: Iñigo Gorostola
Arrieta eta Iñaki Garcia
Garita.
1996an egin zuen
debuta Enbilek, eta bi hamarkadatan ibilbide oparoa burutu du. Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarragaz Munduko Txapeldun izan zen bost denboraldi jarraian (2002tik 2007ra). Esaterako, iazko Jai Alai World Tourrean beren garairik onenetako erakustaldia eman zuen. Euskal Herrian zein kanpoan hamaika titulu irabazi ditu. Besteren artean, Daniako atzelari onena izan da, eta urte askotan zertarako gai den erakutsi, eta lan handia eman die Felix, Elizegi, Irastorza edota Lopezi.