'Gogoan hartzeko izenak' erakusketa 29ra arte egongo da zabalik
Abenduaren 29ra arte egongo da zabalik Ondarroan Gogoan hartzeko izenak erakusketa. Argazkien monografiko batekin osatutako erakusketa da, eta udal erakusketa aretoan dago ikusgai, Ondarroako Udalak antolatuta.Astelehenetik barikura bitartean, 17:30eti...
Astelehenetik barikura bitartean, 17:30etik 20:30era egongo da zabalik, eta zapatu eta domeketan, 12:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
Erakusketak Euskal Memoria Fundazioaren Gogoan hartzeko izenak deitutako aurtengo liburuagaz gozatzeko aukera bat ere ematen du. Liburuaren egilea Joseba Zabalza argazkilari iruindarra da, eta ikusgai dagoen lan monografikoa egiten lau urte egin ditu.
Euskal Herrian bizitako «gatazka armatu eta politikoan isilarazitako biktimei buruzko lan indartsu eta sentikorra» dela esan dute Euskal Memoria Fundazioko kideek. «Liburuaren gidoia oso sinplea da, heriotzaren lekura itzuli dira biktimen senideak: amak, anai-arrebak, seme-alabak, ilobak… Eta toki berean, heriotza gertatu zen lekuan, denak agertzen dira argazkietan».
Gaineratu dute liburuko orrialdeetan eta argazkietan ez direla sartzen biktima guztiak, «ezinezkoa» delako. Guztira 105 kasu azaltzen dira, eta horiek daude ikusgai aretoan.