Gernika-Lumoko udalbatzak euskal presoen eskubideen urraketa salatu du
Presoak Tratatzeko Oinarrizko Arauak onartu zituzten Nazio Batuek 2015eko abenduaren 17an, eta Gernika-Lumoko Udalak arau sorta horren alde egin zuen, EH Bilduk aurkeztutako mozioa aho batez onartuta. Mandela Arauak bermatzearen alde zeudela berretsi zuten horrela, eta aurten ere hala egin dute. Presoen eskubideen aldeko eta dispertsioaren kontrako adierazpen instituzionalaren alde egin zuen atzoko osoko bilkurak, eta, horren bitartez, euskal presoen eskubideen urraketa salatu zuten, besteak beste.
Aipatu lege sortagaz bat eginda, euskal presoei Mandela Arauak aplikatzea eskatzen zuten; hala nola, gaixo dauden presoek tratu duin bat jasotzea, isolamenduaren erabilera sistematikoa arbuiatzea eta familiagaz harremana mantentzeko eskubidearen haritik, dispertsioa amaitzea.
Iazko Gabonetan, gainera, euskal presoen eskubideen urraketa salatu zuten, baina gaur gaurkoz egoerak “berdin” jarraitzen duela nabermendu dute; “zenbait kasuetan, okerrago”. Hori horrela, zenbait eskaera egin ditu udalbatzak adierazpenean: “larriki gaixorik dauden presoen berehalako kaleratzea eskatzen dugu, baita dispertsioaren amaiera ere,ume eta adingabeko nerabeek jasaten duten kaltea ekidin, eta preso dauden gurasoen ondoan hazteko duten eskubidea bermatzeko, besteak beste”.
Halaber, herritarrei gogorarazi die Sare Gernika-Lumok abenduaren 31n 18:30ean manifestazioa egingo duela herrian, Gernikan PREST GAUDE. Euskal Presoak Euskal herrira lelopean. Eta, era berean, Bilbon urtarrilaren 13an egingo duten manifestazioaren berri ere eman nahi izan diete herritarrei. Egun horretan, Elkarrekin aurrera egiteko PREST GAUDE. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea lelopean bilduko dira.
Gose greba, presoen elkartasunez
Preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko, gose greba egingo dute zenbait lagunek Gabonetan Gernika-Lumoko Harizpe elkartean.
24 orduko baraualdia egingo dute abenduaren 24tik 25era bitartean. Hain zuzen, 19:00etan hasiko dute eta hurrengo eguneko ordu berean bukatu. Abenduaren 31n, aldiz,21:00etan hasiko dute gose greba eta urtarrilaren 1ean 19:00etan amaitu.
Bitartean, gaixorik dauden presoak aske uzteko aldarrikatuko dute.