Abenduaren 24an egingo dute gernikarrek Abixadan
Hamabi kirol elkartek, udal kirol patronatuak eta udaleko euskara zerbitzuak elkarlanean antolatu dute kirol topaketa
Aurten, inoiz baino elkarte gehiago batu dira Abixadan egiteko. Guztira, hamabi kirol elkartek udaleko kirol patronatuarekin eta euskara zerbitzarekin lan egin dute Abixadan antolatzeko.
Lagun artean, bakarka zein familian, kirola praktikatzeko aukera izango dute gernikarrek egun horretan, euskara bultzatzeagaz batera.
Oinez eta korrika. Azken urteetan Urdaitri, Goi Zale eta Gernika Atletismo Taldea izan dira azken urteetan, Gernika-Lumoko udaleko euskara zerbitzuagaz eta kirol patronatuagaz batera, Abixadan kirol ekimena antolatu dutenak. Aurten, baina, ekimena berreraiki dute, eta antolakuntza lanetan parte hartzeko aukera luzatu diete herriko kirol elkarteei; «orri zuria mahai gainean jarri eta, guztion artean, Abixadan kirol ekimenaren eredu berria sortzeari ekin genion urrian», azaldu dute.
Aurten ekimena berreraiki dute, eta antolakuntza lanetan parte hartzeko aukera luzatu diete herriko kirol elkarteeiAbenduaren 24an 10:30ean emango diote hasiera kirol jaiari, Pasealekuan. Mendi martxakoak izango dira lehenak ibilbidea hasten. Gero, 11:00etan txirrindularitza ginkanan parte hartzeko aukera izango dute gernikarrek. Parte hartu gura dutenek bizikleta etxetik eraman beharko dute. Lasterketakoak izango dira azkenak ateratzen. 12:30ean lau kilometroko ibilbideari hasiera emango diote herri lasterketa luzekoek. Txikienen txanda 13:00etan izango da. Horiek 500 metroko ibilbidea egin beharko dute korrika. Lasterketek Paselekuan izango dute helmuga, eta sarien zozketa egingo dute ostean, Pasealekuan bertan. Abixadan ekimenaren bitartez kirola eta euskara batuta daudela erakutsi gura dute antolatzaileek, kirola euskaraz egiteko hartutako konpromisoagaz bat eginez.