LAB sindikatua:?«Langileen segurtasuna eta osasuna ez dira Gernika-Lumoko Udalaren interesekoak»
LAB sindikatuak salatu du «langileen segurtasuna eta osasuna ez direla Gernika-Lumoko Udalaren interesekoak». Eta jakinarazi du Lan Ikuskaritza Probintzialean salaketa sartzera «behartuta» egon direla. Hala, azken horren errekerimendua espero dutela azaldu du, «hartara, udal gobernuak kasu egin dezan».
Joan den astean egin zuten Laneko segurtasun eta osasun batzordean hainbat gai mahaigaineratu zituztela azaldu du sindikatu abertzaleak; horien artean, esaterako, udaleko langileen osasun-azterketari buruzkoa. Kritikatu duenez, «udalaren menpe dauden erakunde autonomoetako langileek mediku-azterketak egin badituzte ere, zuzenean udalaren menpekoak diren langileek ez dituzte osasun-azterketak egin oraindik, eta, hortaz, ez dituzte 2017an egingo».
Sindikatuak dio ez dela lehen aldia «langile kolektibo horren osasun zaintza airean gelditzen» dena, eta gogorarazi du duela hiru urte «gauza bera» gertatu zela. Dioenez, udalak «legez kanpo jardun izanaren ondorioa» da hori. Izan ere, «lau hilabetez laneko segurtasun eta osasun zaintzarako jarraipena egiteko kontratatua egon behar zen enpresarik ez» dutela izan salatu dute.
Halaber, urteko prebentzio jarduerari jarraipena egiteko urtean lau aldiz batzea eskatzen du legeak, sindikatuaren arabera. Hala ere, batzordea 2017an «birritan baino ez» dela batu aipatu du.
Bestalde, udalak San Kristobal plaza azpian daukan biltegi baten egoerari buruz jardun da sindikatua; izan ere, dioenez, «laster hiru urte beteko dira biltegiak dituen osasun eta segurtasun arazoak salatzen hasi» zirela.
Gogora ekarri nahi izan duenez, «istripu larri bi gertatu ziren jasomakina eta sarrerako aldaparen labainkortasunaren ondorioz». Gainera, aireztatze sistemarik ez daukala ere salatu du sindikatuak. LABen arabera, arazo bi horiek konpontzeko eskatu zuen IMQk biltegiko lan baldintzen ikuskapena egin zuenean 2015ean.
Laneko segurtasun eta osasunaren batzorde horretako kide kopuruaz ere aritu da LAB. «Kideen kopurua bere osotasunean betetzeko, gobernuak oraindik ez baitu izendatu bigarren pertsona bat», eta horrek arloari ematen zaion garrantzia adierazten duela dio.
«Orokorrean, Gernika-Lumoko Udalaren jarrera tamalgarria da», adierazi du sindikatu abertzaleak.
Azkenik, batzordean lantzen ari diren gai guztiak ezagutu nahi dituzten langile denak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera eta ekarpenak egitera.