Karakol lehiaketak egongo dira Mundakan eta Gernikan, zapatuan
Gernika-Lumoko Merkatu plazak Euskadiko karakol txapelketa hartuko du, 09:00etatik aurrera. Aurtengoa, txapelketaren 41 edizioa izango da.
Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik etorritako sukaldariak batuko dira zapatuan Gernika-Lumon, eta lehiakide bakoitzak, gehienez, bi kazola aurkeztu ahal izango ditu. Horiek buztinezkoak izan behar dutela zehaztu dute antolatzaileek, eta, gehienez, bi kilo karakol izan ditzake kazola bakoitzak.
Osagaiak etxetik egosita eroateko aukera ematen du antolakuntzak, baina osteko prestaketa Merkatu plazan bertan egin beharko dute. Sariei dagokienez, irabazleak 150 euro eta gabonetako otzara eramango ditu etxera. Bigarren sari bat ere banatuko dute, 120 eurokoa.
Bestalde, herrikoek ere parte hartzeko aukera izango dute, etxean egindako kazolen lehiaketan. Parte hartzaile bakoitzak kazola bakarra aurkez dezake, eta Gernika-Lumoko Udalak sei sari banatuko ditu. Txapeldunak 60 euro eta gabonetako otzara jasoko ditu saritzat.
Sari banaketa ekitaldia, 14:00etan egingo dutela jakitera eman dute Gernika-Lumoko Udaletik.
Kilo bat karakol. Mundakan, Txilipetxeruek elkarteak antolatuta, karakol lehiaketa egingo dute, bigarren urtez jarraian. Parte hartzaile bakoitzak, gutxienez, kilo bat karakol prestatu beharko ditu Mundakako plazan.
Karakolak etxetik egosita eroan ahalko dituzte, saltsa, hala ere, plazan bertan egin beharko dute. Aurkezpena, buztinezko kazoletan egin beharko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, karakolak prest egon beharko dira 13:30erako. Orduan hasiko baitira epaimahaikideak kazolak dastatzen. Sariak 14:00ak inguruan banatuko dituzte.
Parte hartu gura dutenek, Mundakako La Leñera tabernan eman beharko dute izena.