Gernika-Lumoko Udalak zazpi ibilbide «osasungarri» bultzatu nahi ditu
Geldirik egoteak eta egoneko bizitzak osasunari ekar lekizkioken «arrisku handiak» saiheste aldera, Gernika-Lumoko Udalak eta Osasunsareak zazpi ibilbide osasungarri sortu dituzte. Horien bitartez, herritarren bizi kalitatea hobetu gura dute, «jarduera fisikoa landuz eta bizitza osasuntsuagoa eginda».
Jakinarazi dutenez, oinez egiteko ibilbideak dira; batzuk luzeagoak eta beste batzuk laburragoak. Hain justu, laburrena 5,3 kilometrokoa da eta luzeena, berriz, 10 kilometrokoa. Neurri ezberdinekoak badira ere, edozein pertsonak egiteko modukoak direla azaldu dute. Gernika eta inguruak ezagutzeko ibilbideak dira, eta «ondo seinaleztatuta» daudela ziurtatu dute.
Ibilbideak zeintzuk diren ezagutarazteko hitzaldiak antolatzen ari da udala. Lehena martitzenean egin zuten, eta bihar ibilbidea egingo dute. 11:00etan Jubilatuen egoitzan elkartuko dira, eta bertatik, hasiera emango diote erreka hegaletik gauzatuko duten ibilbideari. Hasitako leku berean bukatu dute ibilaldia, eta aipatu dutenez, hirugarren adineko pertsonei zuzendutakoa izango da bihar egingo dutena.
Dena den, hirugarren adineko pertsona horiek ez ezik, bestelako talde batzuk ere kontuan hartu dituzte aipatu ibilbideak pentsatzerako orduan; esaterako, Gorabide eta Avifes taldeak. Horientzako, esaterako, irteera egokituak prestatuko dituzte. Izango da, hala ere, herritar guztiek parte hartzeko moduko irteera bat ere.