Erorikorik ez Beaskoetxearentzat
Fall Season goitik hartu du Diego Beaskoetxea gernikarrak, bakarkako zein bikotekako txapelketak irabazita. Speed Challengean Ibon Aldazabal berriatuarra izan da onena.Daniako (Florida, AEB) frontoian garaipenak batzen jarraitzen du Diego Beaskoetxea p...
Fall Season goitik hartu du Diego Beaskoetxea gernikarrak, bakarkako zein bikotekako txapelketak irabazita. Speed Challengean Ibon Aldazabal berriatuarra izan da onena.
Daniako (Florida, AEB) frontoian garaipenak batzen jarraitzen du Diego Beaskoetxea puntista gernikarrak. Fall Season denboraldia amaitu berri, hiru txapelketatik bi irabazi ditu. Hain zuzen, onena izan da bakarkako (run out) kinieletan, eta Iñaki Urbieta zumaiarragaz batera, bikotekako txapelketa (fall challenge) ere eskuratu du.Late games kinieletan puntistarik prestatuena dela erakutsi du Beaskoetxeak, bi txapelketa eskuratuta. Bakarka jokatutako run out-ean 13 garaipen eskuratu ditu gernikarrak. Zortzi kiniela irabazi ditu Erik Mendizabal mutrikuarrak eta sei Jon Zulaika donostiarrak.
Bikoteka, Urbieta zumaiarra izan du Beaskoetxeak lagun, eta Zulaika-Israel bikotea mendean hartu zuten finalean, 15-11ko markagailua eginda.
Daniako pilotariek hiru txapelketa jokatzen dituzte Fall Season denboraldian. Hirugarrenean, Speed challengen, Ibon Aldazabal pilotari berriatuarra izan da garaile.
Aldazabalek eskualdeko pilotari bat izan zuen aurrez aurre txapelketaren finalean. Hain zuzen, Ubilla markina-xemeindarragaz neurtu behar izan zituen indarrak, baina Berriatukoak aurrea hartu zion markina-xemeindarrari, 190mph-ko marka lortuta.
Bi asteko atsedena
Bigarren mailako pilotarien txapelketetan, Ruben Bailo noaindarrak irabazi du banakakoa, eta Xabat-Zabala bikotea izan da onena.
Fall Season denboraldia amaituta, Daniako pilotariek bi asteko atsedena hartuko dute orain. Hala ere, zenbait pilotarik Euskal Herrira bidaiatuko dute, eta Gabonetako txapelketak jokatuko dituzte berton.