«Apurka», baina, Muruetako udaletxea abadetxera lekualdetzea posible egingo duten lanak aurrera doaz. Kanpoaldetik eraikina prest daukate, eta barrukaldeari ekingo diote hurrengo urtean. Izan ere, 2018an udaletxea lekualdatzeko asmoa daukatela esan du Muruetako alkate Jabier Ondarzak.
Igogailua jartzea eta elektrizitate, margotze eta hornitze lanak falta dituzte lehengo abadetxea osotasunean prest edukitzeko, «%80 eginda dago».
Abadetxea etorkizuneko udaletxea izateko lanak ez ezik, proiektuak inguru guztia hartzen zuela gogorarazi du alkateak: «Taberna, kultur aretoa, aparkalekuak, frontoia berriztu, plaza handitu, eskola zaharra atondu, umeentzako jolas parkea, atseden lekua…horiek guztiak egin ditugu».
Uste baino motelago. Lanak martxa onean hasi zituzten, baina, krisialdiarekin «diru laguntzak murriztu edo kendu zituztela» azaldu du alkateak. Udaletxea badaukatenez, «ez zen lehentasuna», eta lanak apurka apurka egitea erabaki zuten.
Proiektuarekin, Eleizalde herrigune modura «indartzea» dute helburu. Horregatik, ingurua zerbitzu eta azpiegitura guztiekin hornitu gura izan dutela dio Ondarzak. Modu horretan, aspaldiko urteetako lanak horretara zuzenduta egon direla nabarmendu du.