Hogeigarren urtez, Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteak,
Gabonetako mahai apaingarrien lehiaketa antolatu du, eta horretan parte hartu gura dutenek
biharko prest eduki beharko dituzte mahai apaingarriak.
Iazko sari banaketa ekitaldia. Argazkia: Bermeoko Udala
Nestor Basterretxea aretoan utzi beharko dira lehiaketarako prestatutako lanak;
12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Mahai apaingarririk onenek sariak jasoko dituzte,
hiru sari banatuko dituzte, hain zuzen ere. Hala ere, urtero legez,
parte hartzaile guztientzat oparitxoren bat egongo dela esan du Minbiziaren Aurkako Elkarteko presidente Karmele Molanok. Bermeoko merkatarien laguntza eskertu gura izan du Molanok, horiek emandako gauzekin osatzen baitituzte sariak.
Sariak eguena arratsaldean. Gabonetako mahai apaingarririk politenak aukeratzeko
epaimahaia etzi batuko da, eta sari banaketa ekitaldia
18:00etan izango da Nestor Basterretxea aretoan. Epaimahaiak
originaltasuna, zailtasuna eta lan artistikoa kontuan hartuko ditu sariak emateko orduan.
Lanak, gainera, ikusgai jarriko dituzte etzi, 18:00etatik 20:00etara eta barikuan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzaileek, gainera,
dohaintzan utzi ahalko dituzte lehiaketara aurkeztutako mahai apaingarriak, eta horiek
12 euroan salgai jarriko dituzte AECCrentzat dirua batzeko.
Parte hartzaile bakoitzak,
gehienez, gabonetako bi mahai apaingarri aurkeztu ahalko ditu, eta lanak egiteko erabiliko den
materialaren balioa ezingo da 18 euro baino gehiagokoa izan. Berriro gogorarazi gura izan dute
debekatuta dagoela gorostia erabiltzea.
Urteekin arrakasta hartzen joan den lehiaketa da Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatzen duena. Iaz, gabonetako 60 mahai apaingarri inguru aurkeztu zituzten, eta aurten beste horrenbeste espero dituztela dio Molanok.
Lehia, gainera, «gero eta handiagoa» dela diote: «Ilusio handiarekin egiten dituzte eta hori mahai apaingarrietan nabari egiten da».