Defentsa sendotu beharra zegoen, eta sendotu zen. Irabazi beharra zegoen, eta irabazi zuen.
Lointek Gernika Bizkaiak 90-44 irabazi zion Nissan Al-Qazeres Extremadurari zapatuan. Hala, asteburuko emaitzen ostean, Dia Ligaren sailkapenean zazpigarren postuan jarri da talde gernikarra, 18 puntugaz. Asteburu honetan Cadi La Seuren kontra nagusituz gero, eta IDK Gipuzkoak Campus Prometeren kontra galtzen badu, Erregina Kopara sailkatuko litzateke.
Nagusitasunez jokatu, eta nagusitasunez lortu zuen garaipena Malosteko taldeak zapatuan.
Defentsa jokoa hobetzea ezinbestekoa dela adierazi zuen
Mario Lopezek aurreko astean, eta zapatuko partiduan lortu zuten jokalariek.
Intentsitatea partidu osoan mantendu zuten, eta defentsan bakarrik ez, erasoan ere asmatu zuten. Gainera, aurkarien hutsegiteak ondo aprobetxatu zituzten, eta jokaldiak borobiltzen asmatu zuten. Jokalariek gozatu zuten kantxan, eta harmailetako zaleak gozarazi zituzten.
Anna Gomez valentziarra baloiagaz.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hasierako jokaldietan parekotasuna ikusi arren (9-11ko partziala 6. minutuan), etxekoek berehala argi utzi zuten garaipena lortzea zela helburua. Hala, horretarako talde lan bikaina burutu zuten.
Bederatzi puntuko aldeagaz (20-11) amaitu zuten lehen laurdena, baina bigarren laurdenean apurtu zen partidua. Lointekekoek baloiak errekuperatu, eta aurkariengan hutsegiteak eragin zituzten. Gainera, hiru hiruko jarraian lortzeak (Molina, Alston eta Bas) markagailuko aldea nabarmen handitu zuen ( 32-13).
40-20ko markagailuagaz heldu ziren
atsedenaldira, eta hirugarren laurdenean ere ez ziren gauzak askorik aldatu.
Besteren artean, Anna Gomez valentziarra eta Ameryst Alston estatubatuarra nabarmendu zen. Azken hori bere aurreko taldearen kontra bikain aritu zen, eta aurreko denboraldiko jokalari geldiezinetako bat zergatik izan zen erakutsi zuen. 69-31ko emaitzagaz, partidua erabakita zela, azken laurdenean
erakustaldia borobildu zuen Lointekek.