Gernika-Lumoko 24 entitatek jaso dute Bai Euskarari Ziurtagiria
Hamargarren urtez, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu dituzte Gernika-Lumon. Astran egin zuten bariku iluntzean ziurtagiri banaketaren ekitaldia, eta, guztira, udalerriko 24 entitatek egindako ekarpena saritu zuten.
Gernika-Lumoko 24 enpresa, denda eta era guztietako entitate horietatik bostek Zerbitzua eta Lana Euskaraz maila kreditatzen dutela azaldu du Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak; beste hamabik, berriz, Zerbitzua Euskaraz maila, eta gainontzekoek Euskararen Bidean maila.
Entitate horien guztien «aurrerapausoak» azpimarratu ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak, «esparru horretan egiten den ekarpena txalotzekoa delako». Halaber, ziurtagiri horiez gain, beste baliabide eta proiektuetan parte hartzeko aukera ere badagoela nabarmendu nahi izan du elkarteak.
20:30 inguruan hasi zuten barikuko saioa, eta ziurtagiriak banatzeagaz batera, barre egiteko tartea ere hartu zuten, Jose Cruz Gurrutxagaren bakarrizketen bitartez. Ekitaldia bukatuta, bestalde, luntx-a jateko bildu ziren Astrara bertaratutakoak.
Elkarte antolatzaileak Gernika-Lumoko Udalaren ekarpena (ziurtagirien kuoten %30a beregain hartzen du) eskertu du, eta gogorarazi du «beharrezkoa» dela instituzioen babesa. Hala, aurrerantzean ere udalegaz elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du.