Etxera Trail mendi martxa eta lasterketa antolatu dute bigarrenez. Gernika-Lumon egingo dute, urtarrilaren 28an. Aitor Gorriño (Arratzu, 1987) eta Jon Landa (Gernika-Lumo, 1984) prestaketa lanetan ari dira. 300 euskal preso baino gehiago daude kartzelan, larri gaixo dauden herritarrak ere preso dituzte, errefuxiatuak eta iheslariak ere badira oraindik, eta, diotenez, horregatik antolatu behar da Etxera Trail aurten, berriro. Aldarrikapen eguna izango dela aurreratu dute.
Zergatik mendi lasterketa eta mendi martxa presoen eskubideak aldarrikatzeko?
Aitor Gorriño: Argi esateko, antolatzen ari garen lagun kuadrillako gehienek mendia edo mendian korrika egitea gustuko dugulako. Jende asko mugitzen duen zaletasun bat da, eta hori baliatu nahi izan dugu.
Jon Landa: Hiru aukera emango ditugu, gainera, edonork parte hartu ahal izateko. Korrika egin nahi duenak mendi lasterketan eman dezake izena; mendian ibiltzea gustuko duenak martxa luzea egin dezake, eta umeekin egiteko ibilbide laburra ere prestatuko dugu.
Iaz antolatu zenuten lehenengoz, eta espero baino jende gehiagok parte hartu zuen.
A. G.: Bai. Nik 250 pertsona inguru espero nituen, baina aldez aurretik, Internetetik, 260 lagunek eman zuten izena. Gero, egunean bertan laurehun pertsona inguru apuntatu ziren, eta eskuetatik joan zitzaigun. Izena ematean banatzen ditugun oparirik ez genuen denentzat…
J.L.: Jatekoa ere behar baino gutxiago genuen… Sekulakoa sortu zen, eta martxa luzea ere beranduago atera zen azkenean.
Ezusteko horiek saihesteko modua pentsatuko zenuten, beraz.
A. G.: Bai, iazkoa ikusita, hutsegiteak konpontzen saiatuko gara. Kontua da ez dela datarik egokiena mendi lasterketa edo mendi martxa bat egiteko. Urtarrila da, eta eguraldiak asko baldintzatzen du. Euriarekin eta hotzarekin jende gutxiago agertuko da egun berean, eta eguraldi onarekin gehiago. Iaz, egun ona egin zuen, 18 gradu jartzen zuen termometroan.
J.L.: Jendeak azken egunera arte itxaroten du, eta iaz laurehun pertsonak izena eman zuten egunean bertan. Ez genuen horrelakorik espero.
Kopuru mugarik egongo da?
A. G.: Ez. Zenbat eta parte hartzaile gehiago, hobe. Preso, iheslari eta errefuxiatuen eskubideen aldeko egitasmo batean zenbat eta jende gehiago batu, hobe.
Dena den, komeni da izena aldez aurretik ematea?
J.L.: Bai, gure aholkua hori da. Abenduaren 6an zabaldu genuen izena emateko epea, eta Interneten apuntatu daiteke,
www.etxeratrail.eus webgunean, urtarrilaren 21era arte. Hori egiten dutenek kamiseta bat hartuko dute opari, eta egunean bertan izena ematen dutenek beste zerbait hartuko dute, baina kamisetarik ez.
Ibilbidean aldaketarik egongo da?
J.L.: Martxa luzean aldaketa pare bat egin ditugu; hain zuzen, martxa luzean aldapa luzerik ez da igo beharko. Beraz, aurten martxa luzea leunagoa izango da. Lasterketako ibilbidean ere zatiren bat aldatuko dugu.
Zer espero duzue?
A.G.: Eguraldiak laguntzen badu, iazko parte hartzea gainditzea espero dugu.
J.L.: Iaz 700 lagun batu genituen, eta aurten, gauzak hobeto antolatuta, muga hori gaindituko dugula uste dut. Gero, iaz egin modura, pintxo-potea egongo da, eta bonuak banatuko ditugu parte hartzaileen artean. Horrela, Etxera Trailek jai giroa zabaldu gura du herrian. Eta sorpresak ere egon daitezke. Egitaraua webgunean joango gara eguneratuz.
Lasterbidean-ekin ere lotu izan zaituztete, Etxera Trail aparteko ekinaldia dela esan duzuen arren.
A.G.: Bai, eta nabarmendu nahi dugu ez dugula Lasterbidean-en kopiarik izan nahi, ezta hari dagokion lekua kendu. Guk egiten duguna beste ekinaldi bat da, eta Lasterbidean lagun dugu, baina Etxera Trail aparteko ekinaldi bat da, printzipio eta helburu berberak izan arren.