Heineken Ligan
bigarren itzuliko lehen partiduak jokatu dituzte asteburu honetan. Gernika RTk
19-14 irabazi zion Getxo Artea RTri zapatu arratsaldean. Irailaren 17an lehiatu zuten lehen jardunaldia Paduran, eta orduan ere basurdeek lortu zuten garaipena (12-26).
Gernika RTk Heineken Ligaren sailkapenean zortzigarren amaitu du 2017a, 27 puntugaz. Getxoko taldea da sailkapeneko azkena, 8 puntugaz. Ohorezko mailako taldeek Gabonetako atsedenaldia dute, eta
hurrengo jardunaldia urtarrileko lehenengo asteburuan lehiatuko dute. Gernika-Lumoko taldeak Complutense Cisnerosen zelaia bisitatuko du.
Maila ona erakutsi zuten bi taldeek, eta etxeko taldea markagailua iraulita nagusitu zen.
Getxoko taldea garaipenaren bila zelairatu zen. Eta bere helburua lortzeko zereginean, lehen zatian
gaztigu-ostikoekin eta entseguagaz alde nabarmena lortu zuen. Lehia hasi eta lau bat minutura Bertero basurde ohiak gaztigu-ostikoagaz estreinatu zuen markagailua: 0-3. Etxeko taldeari partiduan sartzea kostatu zitzaion apur bat, eta arriskuan sortzen hasi ondoren, Iker Olaetak markagailua berdintzeko aukera izan zuen, baina jaurtiketa desbideratu egin zitzaion.
Minutuek aurrera egin ahala, Getxo Arteak partiduaren jabetza zuela, Berterok beste hiru puntu lortu zituen gaztigu-ostikoagaz. Erasoan bakarrik ez, defentsan ere lan handia egin zuten getxoztarrek. Beste zigor kolpe batekin bederatzi puntuko aldea lortu zuten. Etxeko taldea, ostera, nahi eta ezinean ibili zen, eta aurkariak ondo aprobetxatu zuen.
Argazkia: Anuar Gomez.
0-14ko emaitzagaz
amaitu zuten
lehen zatia, eta bigarrenean, erasoan gogor borrokatuz jokatu zuten basurdeek. Palisak bi entsegu egin zituen, eta partidua amaitzear zegoela Aftek lortu zuen beste bat.
Lehen zatiarekin konparatuz, bestelako itxura erakutsi zuen bigarren zatian etxeko taldeak, eta estu hartu zuen aurkaria. Erasoko jokaldi luze batean heldu zen Gernika RTren lehen entsegua. 7-14ko emaitzagaz partiduaren jabetza hartu zuten basurdeek. Arrisku jokaldi gehiago sortu zituen, eta Palisak bigarren entsegua egin zuen. Iker Olaetak ez zuen transformatu bigarren hori, baina markagailuko aldea murrizteko oso baliagarria izan zen (12-14).
27. minutuan Olaetak markagailua iraultzeko aukera izan zuen, baina gaztigu ostikoan ez zuen asmatu. Ondoren, partidua amaitzear zela emozioz beteriko jokaldia burutu zuen Aftek. Baloia eskuratu, eta zelai erdia zeharkatu ostean etxekoen hirugarren entsegua egin zuen.