Kasu gehienak itxi badira ere, egiaren bila jarraitzen dute «ume lapurtuen» familiek
Sei urte daramatzate ikerketagaz Mari Carmen Muniozguren markinarrak eta familiak. Orain dela hamabost urte hasi zen bere jatorria jakin nahian Arantza Loiola etxebarritarra. Bidean oztopoak izan dituztela dioteFamiliek, neke barik, egiaren bila jarrai...
Sei urte daramatzate ikerketagaz Mari Carmen Muniozguren markinarrak eta familiak. Orain dela hamabost urte hasi zen bere jatorria jakin nahian Arantza Loiola etxebarritarra. Bidean oztopoak izan dituztela diote
Familiek, neke barik, egiaren bila jarraitzen badute ere, aspaldian, komunikabideetako agendetatik kanpo egon da haur lapurtuen auzia. Kasu gehienak itxi egin dira froga faltagatik, baina froga horiek edo informazio soila lortzea gaitz egiten zaiela diote jaioberriaren arrastoaren atzetik dabiltzanak. «Ateak ixten dizkigute» errepikatzen dute.Hala gertatu zaio Mari Carmen Muniozguren markinarrari eta bere sendiari ere. Sei urte daramatzate egiaren atzetik, baina ezin dira 1973an gertatutakoa argitzera iritsi. Zortzi hilabeteko zegoela urak apurtu zituen Mari Carmen Muniozgurenek eta Rakel izeneko umetxoa eduki zuen Bilboko Ginecoyatreo ospitalean. Bost ordu inguruan alboan izan zuen umea, baina umea ikustera joan zen pediatrak inkubagailuan sartzeko agindua eman zuen.
Zortzi hilabete zituen Rakelek, eta 2,250 pisatzen zuen. Senarrak eta erizain batek eraman zuten inkubagailuak zeuden Pro-Cardiacos izeneko zentrora. Umea ondo zegoenez, taxi batean eraman zuten ospitalera, eta ondo gelditzen zela ikusita, senarra eta erizaina amarengana itzuli ziren. Handik hiru bat ordura, telefonoak jo zuen pasilloan, eta moja batek umea hil egin zela esan zien gurasoei.
Hala gelditu zen dena, 2011ko urtarrilera arte. Ama telebista ikusten zegoen aitagaz, eta alaba gazteena, Rakel Pujana, bere etxean egunkaria irakurtzen. «Justu egunkarian horrelako kasu bat agertzen zen. Amari deitu nion ea eurek umea hilda ikusi zuten ala ez galdetzeko. Ama ere justu momentu horretan lapurtutako umeei buruzko erreportaje bat ikusten zegoen, eta ez zutela ikusi baieztatu zidan». Hori dela eta, egunkariko erreportajeko emakumeak emandako pauso berak ematea erabaki zuten: hilerrira, erregistrora eta ospitalera joatea.
Dena ondo balego, bertan behera lagatzea zuten asmoa, egia izango zen-eta umea hil egin zela. Paperak txarto egongo balira, berriz, jarraitu egingo lukete egia jakin arte.
Derioko hilerrira joan ziren lehenbizi. «Pro-Cardiacosen hil zela esan genienean, ospitale horretan ume asko hiltzen zirela esan ziguten Derion. Papera eman ziguten, eta konturatu ginen umea Basurtotik eraman zutela hilerrira». Hala ere, paperetan zer edo zer txarto eginda egongo zela pentsatu zuten, eta handik erregistrora joan ziren. Erregistroan abortu paper-sorta eman zieten. Paper hartan umea 9 hilabetekoa zela eta Basurton hil zela zioen, eta hilerriko dena hutsik zegoen. «Gehien harritu gintuena, berriz ere, Basurto agertzea izan zen. 9 hilabete zituela nahaste bat izan ahal zen, baina bai hilerriko agerian zein erregistrokoan umea Basurton hil zela agertzea arraroegia begitandu zitzaigun, eta, beraz, ikertzen jarraitzeko erabakia hartu genuen».
Familiak jakin duenez, ez da legezkoa ume jaioberri bat gurasoen baimenik barik beste ospitale batera eramatea, eta, gainera, garai hartan Basurto karitateko ospitale bat zen, eta alderan- tziz, Pro-Cardiacosek jaioberrien sekzio bat zuen, eta Basurtoko ospitalea baino espezializatuagoa zen garai-aurretik erditutako umeetan. Gainera, Basurtotik Pro-Cardiacosera joaten ziren medikuak formakuntza jasotzera. Beraz, oraindik zentzu gutxiago dauka, familiaren ustez, umea ospe handiko ospitale batetik karitateko klinika batera eramateak, nahiz eta hiltzen egon.
Zalantza argitzeko aitari galdetu zion alabak ea ziur zegoen ze lekutara eraman zuten umea, ea Pro-Cardiacosera eraman barik Basurtora eraman ahal izan zuten, paper bietan umea Basurton hil balitz modura agertzen zen eta. «Zeuk esango didazu nora eraman nuen umea, urte bete beranduago Roke ere bertara eraman nuen eta, erantzun zidan aitak». Roke Pujana, Rakelen neba, zazpikia izan zen eta bera ere, Ginecoyatreo ospitaletik Pro-Cardiacosera lekualdatu zuten. «Ederto zekiela esan zidan aitak, non zegoen Pro-Cardiacos eta zein solairutan zeuden inkubagailuak; ziur zegoen umea ez zuela eraman Basurtora».
Epaitegira
Ikerketak zabaldutako bideari jarraituz, Basurtora joan ziren ondoren. «Pro-Cardiacosen hil zela umea eta ea osasun-historiala han zegoen galdetu genuen. Ezetz esan ziguten Pro-Cardiacosen hil bazen historiala Basurton egoteak ez zeukala zentzurik». Izan ere, 1973an, Basurto eta Pro-Cardiacos ospitale ezberdin bi ziren.
Umearena ez, baina amaren historiala bazegoela jakinarazi zietela dio Rakel Pujanak. «Buelta eman zion ordenagailuari, eta zenbakiak eta dena ikusi genituen. Baina nire ama ez zela sekula han ingresatuta egon esan nion, eta, orduan, ordenagailuari buelta eman zion berriz, eta hala gelditu zen kontua».
Ikertzen jarraitu zutenean, bat-batean, amaren historiala desagertu eta umearena agertu zen. Eta autopsia ere egin ziotela zioen. Baina ez dago gurasoen baimenik, eta gurasoen baimenik barik ezin zitekeen autopsiarik egin; hala azaldu zuten Basurtoko patologo eta medikuek familiak zabaldutako prozeduran deklaratu zutenean. «Argi esan zuten sekula ez zutela egiten Basurton hil ez den ume baten autopsiarik, are gutxiago gurasoen baimenik barik», azaldu du Itziar Bilbatua familiaren abokatuak. «Medikuek baieztatu zuten, gainera, Pro-Cardiacos zentro garrantzitsua zela, eta bat ere zentzurik ez zuela ospitale horretako ume bat Basurtora eramateak», gaineratu du.
Baina Basurton hil zen ume baten autopsia egin zutela dio txostenean. Beraz, gurasoek, hori argitu nahirik, autopsia egiterakoan parafinan gorde zituzten ehunen azterketa abiarazi zuten.
Umearen DNA probak egin behar ziren, eta epaitegiak Madrilgo Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionalean aztertzera bidali zituzten ehunak. Toxikologiaren txostenak umea Mari Carmenen Muniozgurenena zela ebatzi zuen, eta emaitza horregaz artxibatu egin zuten kasua. Hala ere, ebazpena ziurtatzeko bigarren proba bat egitea erabaki zuen familiak, beste kasu batzuetan ere, kontrako analisiak eginda alderantzizko emaitza atera izan da eta. «Ume hori ez dela Mari Carmenena frogatzerik badaukagu berriz jarriko litzateke kasua martxan». Beraz, bigarren proba bat egitea erabaki zuten.
Proba non egin zen gakoa. «Denak ez zirela fidagarriak eta, ume lapurtuen elkartean laborategi bat gomendatu ziguten. Ehunen zati batzuk bertara bidali ziren, 2014an. Laginak egiten hasi eta informatzen joan ziren, hilero. 22 STR´S Autosomiko teknika aplikatu eta gero, laborategiaren emaitzak Madrilgo Toxikologiako emaitzekin ez zatozela bat ikusita, bigarren sistema bat egitera zindoazela ere azaldu ziguten, DNA mitokondrialaren analisia, eta 2014ko azaroaren hasieran emaitzak izango genituela», dio Bilbatuak.
Emaitzen berririk ez zutela eta, handik hilabete batzuetara deitu egin zuten. Aditua ez zegoela esan zieten, nahiz eta bera laborategiko bazkidea izan, eta familiari umea amarena zela esateko agindua eman zuela. «Txostenen bat edo bidali beharko zutela esan nien, eta egingo zutela agindu zuten. Horrela hilabeteak igaro ondoren, egun batetik bestera frogak egiten hasiko zirela esan zuten».
Hori ikusita erreklamazio bat jarri zuten Kontsumo bulegoagaz batera, eta aurtengo irailean txosten bat heldu zaie. «Material horretatik ezin dutela laginik atera esan dute. Orain dela hiru urte bigarren fasean zegoen azterketa, eta orain, berriz, lehen fasea ezin duela igaro, laginek kalitate nahikoa ez dutelako. Zer edo zer arraroa dago».
Rakel Pujanak azaldu duenez, hartu-emana izan zuen beste gizon bategaz; hark ere toxikologian egin zuen lehen proba, eta bere alaba zela esan zioten. «Ume lapurtuen kasuak kaleratzen hasi aurretik ibili zen, eta kontrastea egin zuenean, esan zioten ez zela berea, eta, gainera, ume baten ehunak ez zirela. Esan zidanez, probak egin zituen beste bati bilatzen jarraitzeko esan zioten, presioak zituztela eta ezin ziola gehiagorik esan». Alegazioekin ari da familia une honetan, eta hirugarren diagnostiko bat egingo duten erabakitzen ari dira. Argi daukate, baina, Espainiako Estatutik kanpo egingo dituztela frogak.
Adopzio irregularra
Etxebarriko Arantza Loiolarena beste era bateko kasua da. Orain dela hamabost bat urte bere jatorriaren bila hasi zen. Bazekien adoptatua zela, baina nagusiagoa izan zenera arte ez zuen jakinminik sentitu. Bere paperak eskatzen hasi zen orduan, erregistrora joan…
Erregistroko paperetan bere ama biologikoaren izena aurkituko zuela uste zuen, eta handik aurrera erabakiko zuela aurrera jarraitu edo ez. «Berehala konturatu nintzen oztopoak jartzen zizkizutela adoptatua zinela esaten zenuen momentuan».
Interneten datu gehiagoren bila hasi zen, eta bere moduko beste kasu bategaz topatu zen, gero beste bategaz, eta gehiagogaz, denak Bilbon jaioak eta gehienak klinika pribatuetan, eta taldetxo bat sortu zuten. Denak ziren Bilbon jaioak, eta guztiak klinika pribatuetan. «Jaiotza agiri guztiak ia berdinak zirela konturatu ginen». Ateak jo- tzen ere hasi ziren, adoptatuak zirela esan barik, ikertzen. Jaiotza agirian zenbaki batzuk ageri zaizkio, eta erregistroan esaten diote adoptatuen kasuan agertzen direla soilik. «Beraz, nik uste dut beste erregistro bat edo liburu bat egongo dela hori guztiori jasotzen duena».
Jakin duenez, ume batzuk Kanariar Uharteetan, beste batzuk Frantzian beste batzuk Espainiako Estatuan, AEBetan, Mexikon… daude. «Hemengo ama batzuen umeak kanpora bidaltzen zituzten, eta, alderantziz, hemen gelditu ziren kanpotik etorri zirenenak.
Bere adopzioan erlijiosa batek parte hartu zuela bazekien, eta bera hilda zegoenez, bere kideengana joan zen. «Defentsiban jarri ziren, eta prostitutaren baten edo drogazale baten alaba izango nintzela esan zidaten, orduan haiei laguntzen aritzen zirela eta». Lur jota atera zen Arantza Loiola lehen bilera hartatik, burumakur. Umearen bila zebilen ama bat ezagutu zuenean, baina, beste mundu bat zabaldu zitzaion. «Ama hau familia onekoa zen, haurdun gelditu zen, eta gertaera eskutatu egin zuten».
Bilbo zentroa zela jakin du Loiolak, bertan egon ziren amen ahotik. «Leku askotatik etortzen ziren bertara. Etxe batzuk zeuden haurdun zeudenak hartzeko, eta ahoz aho jakitzen zuten dirudun familiek Bilbon bazegoela leku diskretu bat. Arantza Loiolari haiek «ohe beroak» zirela kontatu diote, neska bat joaten zenean beste batek hartzen zuen bere lekua. Haurdunaldia bertan igaro eta eskatzen zutenei umeagaz bueltatuko zirela esaten zietela dio. «Gero klinikan konturatzen ziren engainatu zituztela. Dirua zeukaten gurasoek mantenua ordaintzen zuten, oso mantenu garestia zen, beraz, posizio altuko neskak ziren batez ere. Dirurik ez zeukatenak, aldiz, oso gaizki zeuden, josten, etxeak garbitzen, besteei zerbitzen egoten ziren, euren burua ordaintzeko».
Bere gurasoek gordeta zituzten eskutitz batzuk izan dira Arantza Loiolari bere adopzioa argitzen lagundu diotenak. «Ama hilda zegoen, eta ezin izan nion galdetu, eta aita nagusi eta gaixorik. Baina amari moja batek idazten zion, bere laguna zen aspalditik, eta hark idatzitako gutunak ditut».
Moja hura beste erlijiosa bategaz jarri zen harremanetan. «Erligiosa hori hil egin zen, eta bere kide batek esan zidan, behin eta berriro, umeak eskatzen deitzen zuen epaile bategaz zuela harremana».
Arantza Loiolaren gurasoek ume bat adoptatu nahi zuten, eta uste du aldundiagaz ere kontaktuan jarriko zirela, baina umea lortzeko askoz gehiago itxaron behar zen, eta ba omen zegoen beste era bat. «Mojak amari idatzitako gutunean dioenez, erligiosa hark umeen eskari zerrenda luzea zegoela esan zion, eta berari Bilboko erditze-etxean gertatzen zitzaion bezala, denek neskatxoak nahi zituzten, baina gehiago zirela jaiotzen ari ziren mutilak neskak baino». Dena dela, gutunean dioenez, zerrendan sartu zuen, eta kontuan edukiko zuela esan zion, baina konpromiso asko zituenez, asko itxaro beharko zuela. «Nik badakit nire gurasoek diru asko ordaindu zutela, ez daukat agiririk, baina familiakoek esan didatenez, garai hartarako diru asko izan zen».
1974an idatzitakoa da gutuna, Loiola jaio baino lau hilabete aurrekoa. «Arantza jaiotzen denean, adopzio egileek bere gurasoak jartzen dituzte deklaratzaile bezala geroko izen-abizenekin», azaldu du Itziar Bilbatua abokatuak, eta dioenez, ez da ohikoa. «Amak ez duela bere identitatea jartzerik nahi esateko eskubidea dauka, orduan ama ezezaguna jartzen dute, eta ume horri bi izen arrunt jartzen zaizkio. Baina Arantza Loiolari adoptatzen duten gurasoen izenak jartzen dizkiote».
Abokatuak zehaztu duenez, izen arruntak jarri, espediente bat bideratu eta aldaketa egin daiteke. Adopzio espediente bat ere bideratu daiteke aldaketa egiteko, baina kasu horretan, egun berean egindako berehalako espediente bat dago, bertan egunean onartzen dute aldaketa. «Arantza lehenengotik egon da gurasoekin, hori erakusten duten argazkiak ditu. Espedientean, bestalde, Arantza abandonatua izan dela dio, eta legez ume bat abandonatua dela kontsideratzen zen umea erakunde publiko batetan sei hilabete inork erreklamatu barik zegoenean. Sei hilabete horrek igarota, denboraldi baterako harrera edo adopzio itun bat gauzatzen da». Espedientean, Arantza 1975eko abenduan entregatzen dietela gurasoei dio, aspalditik entregatuta zegoenean.
Ezagutu dituen kasu denetan berdin gertatu dela dio Loiolak. «Guraso batzuek jakingo zuten ez zela adopzio oso garbia, beste batzuek ez zuten susmorik edukiko, tramitatu zutenak orduko mediku, erakunde eta agintariak baitziren, konfiantza jarri zuten eurengan».
Jaungoikoak izatera jokatu zutela dio Loiolak. «Euren botereagaz baliatuta erabaki zuten ze ume nora eta zeinegaz joango zen; gu jaioberriok babesteko ardura zeukatenek kontrako dena egin zuten. Eta orain egin dutena eta agerian dagoena ezeztatzen ari dira. Dena ongi lotzen saiatu ziren, inork sekula gaia ez azaleratzeko, baina gauza bategaz ezin izan zuten kontatu, Internetagaz».
Gurasoekin zorte handia izan duela azpimarratu du Loiolak, «oso onak da maitagarriak izan dira», eta bere nahia ama biologikoa zein den jakitea dela argitu du: «Ez, baina, ezer leporatzeko, ezagutzen ez dudan nire ama biologikoaren bizitzako parte hori jakiteko baizik».