Foruko Udalak herriko landa bideen inbentarioa egingo du
Landa bide guztien inbentarioa egingo dutela esan du Foruko alkate Jane Eyre Urkietak, eta laster egingo dutela gaineratu du.
“Antzinako landa bideak gure historiaren parte dira eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da gure arbasoen eta ondorengo belaunaldien bizimodua ulertzeko”, uste du alkateak. Gainera, mugen eta bideen jabeen artean sortzen diren desadostsunak argitzeko, sor daitezkeen eztabaidak saihesteko eta bideen kontserbazioa laguntzeko baliagarria izango dela esan du. Bestalde, alkatearen arabera, landa bideen memoria berreskuratzea, herriko etorkizuneko plangintzarako “garrantzitsua” izan daiteke.
Inbentarioak bide nagusiak, autoak zein oinezkoek erabiltzen dituzten bideak, harriztatu barik daudenak, lehengo burdibideak, bidezidorrak, bidexkak…ezagutzea bermatuko du.
Ikerketa egingo dutenek, metodo historiko-geografikoa eta bermeak eskaintzen dituen administrazio prozedura bat erabiliko dutela jakitera eman dute udaletik. Hurrengoak edukiko dituzte kontuan inbentarioa egiterako orduan: kartografia, katastroa, antzinako agiriak eta testuak eta Foruko herritarrengandik jasotako zuzeneko informazioa. Izan ere, Foruko alkateak dioenez, herritarren partaidetzak “lehentasuna” izango du ikerketa lanean. Horretarako, galdeketa saioak egingo dituzte, bai eta batzarrak egin ere.
Batzar horietan, herritarrek inbentarioa egiteko erabiliko duten metodologiaren eta administrazio prozeduraren berri edukiko dute.
Lehenengo bilera abenduaren 18an egingo dute, 18:00etan, Foruko udaletxearen osoko bilkuren aretoan.