Euskal Herriko Surf Zirkuituko
txapeldunak Mundakan erabakiko dira asteburu honetan. Hain zuzen, laugarren eta azken proba lehiatuko dute ezker olatu ezagunenean.
Zapatuan gizonezkoen kanporaketa txandak izango dira, eta domekan horiez gain, mutilen eta nesken finalak eta Euskal Herriko Bodyboard Zirkuituko finala jokatuko dituzte. Zapatuan 08:15ak aldera hasiko da proba, eta 13:00-14:00ak arte iraungo du. Domekan ere odu berean ekingo diote lehiari. Kanporaketa txandak amaitu, eta 10:45 inguruan hasiko dira finalak, eta sari banaketa ekitaldia 13:00ak aldera egitea aurreikusi dute.
Surflariak txandetan banatuta uretaratuko dira, eta kanporaketa txanda bakoitza 25 minutukoa izango da. Finaleko txandak, ostera, 30 minutukoak izango dira. Euskal Herriko Surf Federaziotik esan dutenez,
2 metro inguruko olatuak daude iragarrita, eta beraz, ikuskizuna ziurtatuta dagoela zehaztu dute.
Mutiletan orain arteko sailkapeneko lehenengo
23 surflariak uretaratuko dira asteburuan, eta
herriko surflari gonbidatu moduan
Guillermo Amezagak parte hartuko du (Mundakako
wildcard-a). Besteren artean, Imanol Yeregi iazko txapelduna, eta Hodei Collazo, Jatyr Berasaluze, Andy Criere eta Roberto Letamendia surflari ezagunak egongo dira Mundakan.
Nesketan sailkapeneko lehenengo
laurak lehiatuko dira domekan. Hain zuzen, Janire Gonzalez-Etxebarri, Ainara Aymat, Mireia Molini eta Elisabet Thomas uretaratuko dira. Iaz Garazi Sanzhez getxoztarra nagusitu zen.
Bestalde, domekako Euskal Herriko Bodyboard Zirkuituko finalean, sailkapeneko lehenengo
bost surflariak ariko dira nor baino nor gehiago: Aritz Larrinaga, Xabier Urrestilla, Jon Lopez, Andoni Izaga eta Julen de Diego.
Euskal Herriko Surf Zirkuitua udaberrian hasi zuten Deban. Irailean Sopelako Arrietara hondartzan lehiatu zuten bigarren proba, eta hirugarrena Getariako Orruan jokatu zuten, azaroan. Halaber, Euskal Herriko Bodyboard Zirkuituko aurreko probak Sopelako Arrietaranen eta Zumaiako Itzurunen lehiatu zituzten.