Euskadiko Goma Gaineko 4X4 Sokatira Txapelketaren finalak hartuko ditu
Kortezubiko frontoiak domekan. Zehatz esateko, emakumezkoen 260 kiloko kategoriako eta gizonezkoen 300 kiloko kategoriako finalak jokatuko dituzte,
11:30etik aurrera. Lehia hasi aurretik, 09:30etik 10:30era pisatuko dira sokatiralariak.
Bi kategorietan sei talde sailkatu dira finalera.
Nesketan Ibarra A, Ibarra B, Beti-Gazte, Badaiotz, Berriozar eta Txantrea A ariko dira zein baino zein gehiago domekan.
Mutiletan, berriz,
Beti-Gazte, Baigorri, Sokarri, Ñapurrak, Berriozar eta Txantrea taldeen arteko norgehiagoka izango da.
Murueta taldeko sokatiralariak iazko finalean, Kortezubin.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Hala, Nafarroako sokatira taldeak izango dira nagusi finaletan. Izan ere, Bizkaiko Sokarri, Gipuzkoako Ibarra eta Arabako Badaiotz izan ezik beste talde guztiak nafarrak dira.
300 kiloko kategorian hamalau talde aritu dira bi multzotan sailkatuta, eta finalaren aurretik bi jardunaldi jokatu zituzten. Jardunaldi horietako emaitzak batu ostean, sailkapen orokorrei dagokienez, A multzoko onena Beti-Gazte izan zen 13,5 puntugaz, eta haren atzetik Baigorri geratu zen 12,5 puntugaz. B multzoan, ostera, Ñapurrak taldeak lortu zituen puntu gehien: 14 puntu, eta 10,5 puntugaz Berriozar sailkatu zen bigarren.
Bestalde,
260 kiloko kategorian hamar taldek lehiatu zituzten bi jardunaldiak; bost talde aritu ziren multzo bakoitzean. A multzoan Badaiotzek eta Ibarra Ak bederatzina puntu eskuratu zituzten. B multzoan, berriz, Txantrea A nagusitu zen 10 puntugaz, eta Ibarra B multzoko bigarrenak 7 puntu bildu zituen.
Murueta finaletik kanpo
Hiru kategoria egon dira txapelketan, eta gizonezkoen 320 kiloko finala Anoetan lehiatu zuten azaroaren 18an.
Muruetako taldeak
300 kilokoan parte hartu du, baina ez du finalerako txartelik lortu. B multzoko sailkapen orokorrean, bosgarren postuan geratu zen Murueta, 7 puntugaz.