«Eup! proiektu komunikatibo alternatibo bat izatea da asmoa»
Eup! Irratia bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da bihar. Ateak ireki eta herritar guztiak gonbidatu dituzte berpizten ari diren komunikabidea ikusi eta probatzera.Noiz jarri duzue berriz martxan EUP! Irratia?Mikel Unamunzaga: Lehen aprobak egit...
Eup! Irratia bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da bihar. Ateak ireki eta herritar guztiak gonbidatu dituzte berpizten ari diren komunikabidea ikusi eta probatzera.
Noiz jarri duzue berriz martxan EUP! Irratia?Mikel Unamunzaga: Lehen aprobak egiten hilabete bat edo bi, baina proiektua 2015etik dago martxan. Hiru programa ditugu abian momentu honetan, baina datozen asteetan gehiago hastea espero dugu. Oraindik jende gehiagogaz berba egiteko gaude, eta bihar gertatzen denaren arabera, ideia berriren bat edo balego, programa gehiago abiaraztea da asmoa.
Ze programazio izango du?
M.U.: Programazio nahikoa osatua izango du. Kontua da ez dela dena Markina-Xemeingo programekin osatuko. Programazioa martxan jartzen dugunean, Arrosa Sareagaz ere egingo dugu konexioa.
Maria Ortega: Arlo desberdinetako programak eduki nahi ditugu, baina denak ezin dira izan Markina-Xemeinen egindakoak; ez dago ez jenderik ez eta denborarik ere. Arrosa Sarekoak izaneran, hango programa ezberdinak hartuko ditugu. Hala ere, herriko programek izango dute lehentasuna. Eup! Irratian musikako programa bat badago ez dugu Arrosa Sarekorik hartuko.
M.U.: Markina-Xemeindik zer sortu ahal dugun jakiteko zain gaude. Denboraz ibili nahi dugu dena martxan jarri aurretik ze ideia dauden jakiteko. Agian, bateren batek programa bat egin nahi du, baina ez badauka gugaz kontaktu zuzenik ez du nora jo jakingo. Horretarako aukera eman nahi dugu lehenengo.
Biharko ate irekien ekimena horretara dator?
M.U.: Probatzeko eta ikusteko aukera egongo da, bai eta elkar ezagutu eta harremanak egitekoa ere. Izan daiteke bateren batek tekniko lanak egin nahi izatea bakarrik, beraz, iritziak partekatzeko aukera egongo da, eta hortik ideia berriak irten ahal dira.
Momentuz, zenbat lagun ari zarete irratian?
M.U.: Programak grabatzen zazpi edo zortzi lagun gabiltza. Dena dela, batzarretara gehiago etortzen dira. Proiektu honen parte izateko ez dago zertan %100 denean egon behar.
M.O.: Lehen batzarrera etorri nintzenean, jende piloa zegoen. Apurka-apurka gutxiago izaten joan gara. Ez dago zertan programarik egin beharrik, karmenetako txosnara ere etorri daiteke laguntzera.
M.U.: Zorte handia da bai eta ere aurretik martxan egon zen proi- ektu bat izatea, jendeak oroimen handia duela eta, asko dira laguntzeko prest daudenak.
Ezagutzen duzue Eup! Irratiaren historia?
M.U.: Apur bat. Kuadrilla batek jarri zuen martxan 80ko hamarkadan, eta Bizkaiko irrati libre zaharrenetako bat izango da. Azken errautsak ezagutu genituen guk. Badaukat horri buruz programa bat egiteko asmoa.
Programa batzuk zehaztuta dituzue. Zeintzuk dira?
M.O.: Igor Ibarzabalek eta Unai Azpiazuk egiten duten Iguldik programa da irratsaio gehien eskaini dituena. Umorezko programa entretenigarri bat da. Kuadrillan kontu kontari egotea bezalakoa dela diote eurek.
M.U.: Anbelivalu programak, berriz, albiste zientifiko arinak ditu oinarri, umore kutsuagaz. Bitxikeria zientifikoak azaltzen dituzte irratsaioan.
M.O.: Hirugarrena Bixentadak deitzen da, eta oraindik bakarra egin dugu. Orain dela aste bi egin genuen Lorea Zulaikak eta biok, feminismoa oinarri hartuta, baina arlo gehiagotara zabalduta. Adibidez, munduko emakumeak izan zen gaietako bat, eta mundu mailako kasu bitxiak azaldu nituen. Loreak, berriz, abeslaria denez, emakumeen musika. Lehenengoa Loreak eta biok egin genuen, baina ez da gure programa bakarrik, jende gehiagok parte hartu dezake. Eneko Arratek ere gin zuen Istorixuen Txokue. Egun batean Amets Txurruka eta Txomin Juaristi txirrindulariak gonbidatu zituen, eta beste batean, Beti Jai elkarteko lehendakaria.
M.U.: Asmoa da bai eta ere, taldeekin berba egitea. XATekoekin edo Izarbidean elkarteagaz, esate baterako, nahi badute etortzera gonbidatzeko. Mikrofonoak zabalik ditugu nahi duten guztientzat.
Irratiaren helburua zein izango litzateke?
M.U.: Kontrainformazioa, alde batetik. Gaur egun telebista kateetatik buru garbiketa handia egiten digute. Zer edo zer ganorazkoa aurkitzen saiatzen zara, eta ez dago, eta edozer ikusten amaitzen duzu. Kolpeka sartzen dizute eurek nahi dutena. Hau, ona edo txarra, gurea eta jende ezberdinaren artean egindakoa izango da. Hurbileko komunikabide bat izan nahi dugu, eta inguruko taldeei plataforma bat eskaini. Eup! proiektu komunikatibo alternatibo bat izatea da asmoa.
Sostengu ekonomikorik badaukazue?
M.O.: Momentuz, karmenetan ateratzen dugunagaz mantentzen gara. Librea izango zela erabaki zenean, diru laguntzarik ez publizitaterik ez zela onartuko erabaki genuen. Oraingoz, ez dugu gastu gehiagirik. Zegoenagaz eta lortutakoagaz gabiltza.
M.U.: Gastu garrantzitsuena antena martxan jartzea izango da, eta ahal denik-eta arinen lortu nahi dugu. Antena eta emisora ditugu, baina apurtuta.
Momentuz, sare sozialen bidez ari zarete zabalpena ematen.
M.O.: Ez dugu zuzenean emititzen. Gorde eta podcast moduan igotzen dugu. Facebook eta Twitter ditugu, eta web orrialdea ere bai, eta guztien bidez jarraitu daiteke programazioa.