EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak «Bilboko portutik Saudi Arabiara egiten den arma-salmentari buruzko arauz besteko proposamena» aurkeztu dute gaur Batzar Nagusietan, bertan eztabaidatu zedin. Ez dute, baina, proposamena onartu, aldeko 15 boto eta ezezko 32 boto eman baitituzte. Bien bitartean, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak elkarretaratzea egin du Juntetxe kanpoan,
Gerrarik ez lelopean.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aipatu plataformek eta Ongi Etorri Iruñea harrera hiria plataformak Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu diete «Bizkaiko Foru Aldundia premiatzeko Saudi Arabiari armen bidalketan laguntza eman ez diezaion».
Plataformek gogorarazi dute aldundiak disziplina-espediente bat zabaldu ziola Bilboko suhiltzaile Ina Roblesi «joan den martxoaren 13an Bilboko portuan Saudi Arabiara bidaltzeko ziren 4.000 tona bonbak ontziratzen laguntzeari uko egiteagatik».
Jakitera eman dutenez, aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak 2011n sinatutako hitzarmenaren arabera, zama arriskutsuak daudenean suhiltzaileen presentzia eskatzen dute.
Baina proposamenean jaso dutenez, «horren aitzakipean armen merkatuagaz kolaboratzea Eusko Legebiltzarrak onartutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko 14/2007 Legearen kontra doa».
Hori horrela, hitzarmen hori aldatzeko eta honakoa jaso dezaten eskatu dute gaur Batzar Nagusietan; «Zama arriskutsuetatik kanpo geratuko dira armagintza-merkatuari eta orokorrean industria militarrari loturiko ontziratzeak eta desontziratzeak».
Modu berean, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak gaur aurkeztutako proposamenak aldundiari eskatzen dio «bere langileek duten kontzientzia-eragozpena gauzatzeko eskubidea arautu» dezan.
Izan ere, aipatu plataformetako kideentzat «oso garrantzitsua da gobernua giza eskubideekin konprometitzea, eta ez parte hartzea Yemengo biztanleria zibilaren kontrako sarraskian».
Horiek salatu dutenez, Saudi Arabia «etenik gabe ari da bonbardatzen Yemengo eskolak, etxeak eta ospitaleak», bertako milaka pertsonaren hilketak eraginda.