Nesken Bizkaiko Selekzioa hirugarren sailkatu da
Nesken Bizkaiko Selekzioa hirugarren geratu da Euskadi eta Nafarroako Lurralde Selekzioen Txapelketan. 63-56 irabazi zion Nafarroako Selekzioari domekan Laudioko Granja kiroldegian. Arabako selekzioa izan da txapelketako irabazlea.Junior txapelketa hor...
Junior txapelketa horren finalak eta hirugarren eta laugarren sailkatuak erabakitzeko partiduak jokatu zituzten domekan, eta zapatuan lehiatu zituzten, berriz, finalerdiak.
Gernika KESBeko sei neskak jokatu dute Bizkaiko selekzioagaz, eta 57-50 galdu zuten finalaurrekoa.
Domekan, aldiz, bizkaitarrek azken laurden bikaina burutu zuten, eta aurkariak ezerezean utzi zituzten. Zona-defentsa eta erasoan ideiak argi edukitzeak izan ziren giltzarriak.
Hala ere, hasierako baloi jabetzetan jarrera lehiakorra falta izan zitzaien bizkaitarrei. Baina ondoren, bikain jokatu zuten David Saizen jokalariek; jaurtiketak ondo aukeratuz eta defentsan aurkaria zuzen presionatuz, baloiak berreskuratzea eta aurkariengan hutsegiteak eragitea lortu zuten. Gainera, entrenatzaileak egindako txandakatzeek erritmoa mantendu, eta fruitua eman zuten.
Hainbat aldaketa
Partiduaren 10. minutuan, 15-15eko berdinketagaz zeuden. Bizkaiko selekzioko entrenatzaileak bazekien defentsa maila mantentzea ezinbestekoa zela, eta horretarako hainbat aldaketa egin zituen. 13. minutuan, 25-17ko markagailuagaz zeudela estrategia aldatzea erabaki zuen nafar selezkioaren entrenatzaileak. Horrek eragin zuzena eduki zuen bizkaitarren jokoan, eta nafarrek markagailua iraultzea lortu zuten: 25-28. Eta errentari eutsiz heldu ziren atsedenaldira.
28-33ko emaitzagaz ekin zioten hirugarren laurdenari, eta Bizkaiko selekzioko jokalariek itxura hobea erakutsi zuten kantxan, eta zortzi puntu jarraian eskuratu zituzten. Baina nafarrak suspertu zirenean, bizkaitarrek hainbat hutsegite egin zituzten. Hala, baloiak galtzearen eta akatsen eraginez, partidua amaitzeko ordu laurden eskasaren faltan, 36-42ko markagailuagaz zeuden. Hurrengo minutuetan Gernika KESBeko Amaia Iruskietaren, Garazi Aberasturiren eta Marta Alberdiren lana giltzarria izan zen.
30. minutuan, 46-51ko markagailuagaz zeuden. Azken txanpan defentsa lan sendoa egitea eta erasoan jokaldiak ondo aztertzea erabakigarriak izan ziren. 7-0ko partzialagaz, markagailua irauli zuen Bizkaiko Selekzioak (53-51), eta Alberdiren hirukoagaz errenta handitu zuten: 58-52. Hala, azken minutuetan bizkaitarrak nafarrak baino hobeto aritu ziren.